IRENE ELORZA: TXANBOLINK-36

Irene Elortza 2014ko ots. 8a, 22:37

Kale nagusia - Goiko kale

Enpazin geldiu. Kontu bat bukatutzat ematen denean.

Datorren asteartean, otsailaren 11n, bi urte beteko dira Kale Nagusiko 14.ean sutea izan  zenetik. Ezbeharraren ondorioz guztiz kaltetuta geratu ziren bi etxebizitza eraitsi behar izan zituzten; harrezkero, hutsune bat geratu da kalean eta espaloiaren zati bat hesituta dago eta ezin da erabili.

Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren Monumentu-multzo izendapena du Azkoitiko erdigune historikoak, Kale Nagusiko zati hori barne. Baina azkenaldian bertan ikus daitekeen  “multzo” bakarra lurrak eta hondakinek osatutakoa da. Izan ere, kiskalitako etxeek utzitako  hutsunearekin batera suteak mendixka bat utzi zuen. Pilatuta geratutako zabor mordoa muino bihurtu da bi urteren bueltan, bere landare eta guzti. Norbaitek pentsa dezake Monumentu-multzo izendapenaren jabe izateak berarekin ekarriko lukeela ondarearekiko  babes eta errespetu berezia, eta kontrakoa gaitasun eza edo axolagabekeria liratekeela;  baina agian hala pentsatzen dutenak urrutirako betaurrekoak jantzi beharrean daude,  ez baitute ikusten erakundeen jokaeran (edo jokaera ezaren) atzean ekologiarekiko  sentiberatasun sakon bat dagoela.

Konbentzituta nago muino berria babesteko plan bat daukatela. Geologiaren mirari berri hau  gorde beharra ikusi dute eta Babes Bereziko Eremu izendatzeko prozedura sustatzen hasiko  dira laster. Adituen mahaia osatuko dute eta honek idatzitako txostena batzorde batera  eramango dute. Batzorde honen menpe dagoen azpibatzorde batek aztertuko ditu hirigintza, ekologia eta lege aldetik aztertu beharrekoak eta aurretiazko izapidea jarriko du martxan. Behin legeak ezartzen dituen epeak beteta, behin-behineko dokumentu bat idatziko dute,  behin-betikoa adostu baino lehen.

Bi urte barru, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak Kale Nagusiko mendixka eta inguruneak Babes Bereziko Eremu izendatzen dituenean, burnizko hesia kenduko dute eta egurrezko  hesi eder bat jarriko dute bere ordez. Jendeari nondik ibili behar duen esateko seinaleak jarriko dituzte gero. Ordurako, Udalak lehiaketa bat jarriko du martxan herritar guztion artean muinoari izen apropos bat jartzeko. Ondamendi? Errauts-mendi? Epeltzio?  Aukeratutako izena ez da azkoitiar guztien gustukoa izango, eta izango da marmarra herriko kale eta taberna bazterretan, batik bat pintxo-pote egunetan. Baina lehiaketaren irabazleak 300 euroko erosketa-txartela irabaziko du eta herriko merkataritza sustatuko duenez, denak kontent!

Urtebete geroago, 2017ko Joxe Takolo Beka Azkoitiko mendizale batzuei emango diote, herriko mendi berrian hiru hilabetez egitekoak diren espedizioa diruz laguntzeko. Eta modan jarriko da Azkoitiko mendixka berria, eta telebista saio bat ere grabatuko dute bertan, eta konturatzerako hainbeste jendek zapalduko du muinoa altura galtzen joango dela pixkanaka-pixkanaka, eta 2020. urterako espaloiaren pare geratuko da garai batean lur eta hondakin pila zena, eta seinaleak eta hesia kenduko dituzte eta birziklatzera botako dituzte. Zero Zabor garelako.

http://kanalak.berria.info/mendia/

Irene Elorza

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide