IRENE ELORZA: TXANBOLINK-34

Irene Elortza 2013ko aza. 19a, 09:30

Ganbela, ganbelie. Burua. Ikus ganbara 2.

TED Talks #5: Candy Chang: Before I die I want to…

Ariketa erraza da: “Hil aurretik…” izenburua idatzita duen arbel handi batean klarionez zerbait idaztea. Nahiak, ametsak, asmoak eta bestelakoak idatz daitezke; ez dago araurik. Burutik pasatzen den aurreneko gauzak ere balio du.

Jendearen erreakzioa ez da hain sinplea baina. Batzuek berehala hartzen dute koloretako klariona eta lanean hasten dira. Bekozkoa zimurtu, apur batez pentsatu, eta ekinean hasten dira. Beste askok, arbeletik distantzia hartzen dute; begiratu egiten diote, mesfidati, eta buruari buelta asko ematen diote ezer idatzi baino lehen. Umetan eskoletan bizitako sentsazioen oihartzuna ozenegia da agian, eta kosta egiten zaie. Bada lotsagatik edo ideia gustatzen ez zaiolako ezer idazten ez duenik ere.

Umeen kasuan, badirudi klariona hartzearekin batera ametsak festan hasten direla. Batek Griezmannekin jokatu nahi du, besteak surfa egiten ikasi nahi du, hango hark bere etxea eta familia bat izan nahi ditu handitan. Ez dakite zein zaila den ametsei eustea handitan. Horrexegatik dira ederrak. Eta agian ez dakite, baina jakingo dute ametsek ederrak izaten jarraitzen dutela handitan ere.

Etxea bai baina oraindik familiarik ez duen neska horrek zera idatzi du: “amatxo izan nahi dut”. Amama ilezuriak “pakea” nahi duela esan dio arbelari, munduari. Mutil batek “beldurrak kendu” idatzi dio, eta ondoan duen lagunak, beldur horietako bat gainetik ezin kenduta, “operara joan nahi dut” idatzi du benetan buruan bueltaka ari zaiona idatzi beharrean. Eta idatzi gabe geratu da “Hil aurretik zure besoetan jaio nahi dut”.  Pentsatu eta esaten ez diren gauzak, liburuak zioen bezala.

Konturatzerako, arbela bete egin da. Baina beti dago ezabatu eta berriz hasteko aukera.

http://beforeidie.cc/

 

 Irene Elorza

 

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide