ERRIMAK OINETAN GAUR BAZTARTXON: ELKARRIZKETA UNAI ELIZASUREKIN

Maxixatzen.eus 2013ko aza. 9a, 00:16

Elkarrizketa Unai Elizasurekin

Gaur arratsaldean, Maxixatzenen azaro kulturalaren baitan, Errimak oinetan emanaldia izango da 19:30etan Baztartxon. Taldeko bertsolaria den Unai Elizasurekin aritu gara emanaldiaren ingurukoak jorratzen.

-Zerk uztartzen ditu inprobisazioa oinarri duen bertsolaritza eta prestaketa, berrikuspena eta entseguak ezinbesteko dituen dantza?

Ustezko uztartu ezina da uztartzen dituena. Bertsoa, bat-batekotasunean oinarritzen den kontua ez guztiz zuzena. Bertso paper musikatuak eta bertso kantak dira dantza emanaldi honetan oinarri. Bertso plazako elementuak, jarrerak eta esentzia da oholtzan ikusiko dena. Eta horretan oinarrituta sortu dira dantzak.         Dantzak baina, prestaketa, berrikuspen eta entsegu asko eskatzen dituen arren, bertsoaren bat-batekotasuna oso presente dute dantzariek. Ez da saio bakar bat ere aurrekoa bezalakoa irten. Denak izan dira ezberdinak, eta modu kontzientean ezberdinak. Finean, dantzak beharrezkoa duen bertsolaritzaren prestaketa eta aurreikuspen horiek guztiak bilatu dira dantza emanaldia osatzeko; eta bestetik, bertsoaren bat-batekotasun hori izan da dantzaren eta dantzarien barne eskemetan txertatutakoa. 

-Zein duzue publiko nagusia, dantzazaleak edo bertsozaleak? Edo biak?

Bietatik izan dugun arren, dantzazale gehiago izan dira hurbildu zaizkigunak. Hala ere, bertsozalearen aurre iritzi bat hausteko ideiarekin gatoz. Bat-bateko bertsoekin bezala lilura genezake bertso musikatu eta dantzarekin. Plaza batean dauden ezustekoak beste sortzen dira Errimak oinetan emanaldian.

-Urte eta erdi daramazue proiektu honekin, gutxi gora-behera. Zer nolako harrera izan duzue? Zer esaten dizue jendeak?

Oso harrera ona izan dugu. Dantza munduan oso ikuskizun berria da hau. Inoiz ez da emanaldirik sortu hitzei horrenbeste heldu dionik. Bertso bakoitzaren hitz eta ixilune oro pausu bakoitzaren eragile izateaz gain, bertso saio batean kontestualizatutako emanaldia da. Dantza emanaldia eta bertso saioa  ikusiko dira aldi  berean. Jendea horrekin geratu da harrituta. Bi diziplina horiek zeinen ondo uztartu diren ezin zutelako imajina. Dantzaz eta bertsoz ase bukatzen du bertaratzen denak.

-Zer irizpideren arabera aukeratu dituzue bertsoak?

Sorkuntza lana interesgarria bezain luzea izan zen. Bertso ikuspegitik begiratutako bertso pieza zenbait ez ziren dantzarientzako oso erakargarriak, eta alderantziz. Baina, bertso saio bat antolatzeko hartzen den irizpidea izan da emanaldia sortzeko hartu dena.  Plaza batean ikusten diren bertso ariketek osatzen dute emanaldia; eta ariketa bakoitzarentzat egokiak ziren kantuak bilatu edo piezak sortu ditugu. Osotasun bat emanez. 

-Lehenengo proiektua duzue hau. Zertan ari zarete gerora begira?

Haatik konpainiaren sorrera prozesuan hurbildu nintzen bertsoarekin emanaldi bat sortzeko ideiarekin. Eta lan luzea eman digun arren, oso gustura gaude emaitzarekin eta saiotik saiora, emanaldiko bertso pieza bakoitzari, bakoitzaren egoeraren arabera, modu batera edo bestera interpretatzeko bide ematen digunez, ez digu aspertzeko bide ematen. Izugarri ondo pasatzen dugu emanaldi bakoitzean, eta, jendeak hori ikusteaz gain, kutsatu egiten da. Uste dugu, bertsoak eta hitzak, eman dezaketela halako beste emanaldi batzuetarako bide, eta ate hori oso presente dugun arren, Errimak oinetanekin gozatzean eta gozaraztean dugu helburu oraindik ere, eta Xenpelarrek zioen bezela "jaioko dira berriak!"

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide