AITOR ARRUTI: SANTU GUZTIEN BEZPERA BILBON

Aitor Arruti Rezabal 2013ko aza. 4a, 16:12

KOADERNO BERDEKO POSTALAK-12

Bilbo udazkenez

        Bilbo, 2005eko urriaren 31

Goizeko hamarrak hogeita zazpi gutxi dira. Gaba Beltzeko eguna gaur Mutrikun.

Lasai ederrean ari naiz kafea hartzen, tarteka ari duen euriari begira orain, soseguz egunkaria irakurriz gero, Arte Ederretako museoa irekitzeko zain. Gabriel Aresti poetak madarikatutako Bizkaiko aberatsen diruarekin eraiki zuten museoa, garai bateko oparotasunaren adierazgarri. Orduko kutsua sumatzen zaio aterpetu nauen kafetegi dotoreari ere, baina badirudi hemen badela norbait gaurkoan oparotik gutxi duenik. Bi zerbitzari ari dira lanean barra barruan, eta hala esan dio batak besteari, zakar: "Iñaki, ¿qué haces?¡Si te he dicho que no limpies eso! ¡No oyes lo que te digo!" Eta besteak erantzun: "Es que…" "Nada,¡me es igual!" bukatu du zipotzak, lankidearen hitzak etenda.

Kafe ebakia garestitxo atera zaidalakoan, euroa eta laurogei kobratu baitidate, irten naiz bertatik bertara dagoen museorantz. Kasilda andrearen parke busti berria daukat ezkerretara. Tomas Epalza bankariaren alarguna zen Kasilda Iturrizarra, eta hark eraikiarazi zuen lorategi ingeles exotikoa, adreilua eta urrutiko landareak hegaztientzako urmaelekin konbinatzen dituena.

Museoan sartuta, erakusketa orokorra ezagutzea aukeratu dut, eta gustatu egin zait. Handik irtenda, Guggenheim aldera abiatu naiz, historian zehar ekonomiako hiru sektoreak, lehenengotik hirugarreneraino, pausoz pauso ezagutu dituen Bilbo honetan ibilaldia egiteko asmotan.

Titaniozko museoaren ondoan, arrantzaleek itsasora bidean egiten Begoñako amari azken otoitza errezatzen zioten Salbeko zubia dut aurrez aurre. Ibaiertzera jaitsi naiz, eta jendea badabil, lasterka, pasieran, presaka, soseguz, nor bere zoroak bizi du, Calatravaren zubira iritsi bitartean. Gogotik madarikatutako zubia dela entzuna dut, eta ez Arestik, ezpada bertan hankaz gora joandako bilbotarrek.

Atertu egin du dagoeneko. Pausorik pauso, aurrera egin dut umeari euskaraz ari zaion ama baten atzetik Bidebarrietaraino. Portu Zaharra dago han, eta, bertatik bertara, garai batean portuko aberastasuna banatzen zuten Merkataritza Ganbera eta Aduana. Hantxe da, bestalde, euskal kultura hiritartu zuen Gabriel Arestiren jaiotetxea ere, bestelako aberastasun baten aldarri.

Bidebarrietan gora, Albia lorategiaren aurrean dago Sabino Aranak, Arestik berak eta Txabi Etxebarrietak eskola ikasi zuten eraikina. Lehen jakintza eskaintzen zen tokian, justizia ezartzen da egun, hala omen, Justizia jauregia izenekoan. Handik eskuinera jota ikusi dut Sabin Etxea, EAEren patua idatzi izan den lekua, eta haren atzealdean San Bizente eliza eta Bilboko Kafe Antzokia, erromes euskaltzaleen bilgunea.

Ibaira itzuli naiz aldapan behera, bizi-bizi hotza jaka barruraino sartzen hasi zaidan bitartean. Ibaia zeharkatzea erabaki dut, Alde Zaharreko zazpi kaleetako batean babes hartzeko, eta, Dendategi eta Artekale igarota, Goienkaleko taberna batean indarberritu nau janak eta baretu dit arnasa edanak. Hemen goraxeago daude San Anton zubia eta San Adrian eliza, Athletic taldearen armarrian ikur bihurtutakoak.

Erlojuari begiratu, eta ibaiaz bestaldeko Kale Nagusirantz joateko asmoz abiatu naiz kalean behera. Pasaeran Plaza Barriko kantoi bat ikusi dut, eta bertara igo naiz eskaileran gora. Hango etxebizitzei begira etorri zait gogora haiek ez zirela gure modukoen etxeak, lehen solairuan bizi baitziren etxejabeak, bigarrenean neskameak eta hirugarrenean gizonezko zerbitzariak. Gu seigarren solairu batean bizita, zein ote da gure gradua?

Areatzatik Arriagara bidea zeharkatuta, zubian gora jo dut ttipi-ttapa, Abandoko geltokia ezkerrean utzi eta Kale Nagusiko jende presatuaren artean. Presaka dabil langile jendea, presaka erosketetan dabilena, eta ia presaka neu ere haize batek pausoa bizkortzera bultzatuta bezala.

Azkenik, presa guztiak ahaztu zaizkit gogaide dudan begiradarekin bat egin orduko. Hemendik aurrerakoan, ez zait axola nondik nora ibiliko naizen Gaba Beltzeko egun honetan, konpainia onean, hustutako kalabazaren barruan kandelak adinako argia eta beroa bai baitut puska baterako.

 

Aitor Arruti Rezabal

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide