ZAPATU ARRATSALDEETAN ELKARGUNEKO ARETOA UME eta GURASOENTZAT IREKITA

Maxixatzen.eus 2013ko urr. 30a, 15:55

Elkargunea jolaserako

Larunbat arratsaldeetan Elkarguneko areto nagusia haur eta familientzat irekiko du Udalak. Hara hemen Udalaren prentsa-oharra:

Badator negua eta eguraldi kaxkarra ugaritzen hasiko da hemendik aurrera. Horretaz jabetuta, eta hainbat herritarrek adierazitako beharrari erantzunez, haurrentzako gune estali bat irekitzea erabaki du Udalak: hemendik aurrera eta azaroaren 2an hasita, Elkarguneko gela nagusia zabalik egongo da larunbatero, 16:00etatik 19:30era. 8 urte bitarteko haurrentzako gunea izango da.

Jolastoki estalia izango da, baina pixka bat haratago ere joan nahi du Udalak: herriko familia ezberdinak elkar ezagutzeko moduko gunea izan nahi du, eta horrekin batera, gurasoen parte-hartzea, inplikazioa eta ahalmena sustatuko duen tokia. Gurasoek eta seme-alabek elkarrekin egoteko gero eta denbora gutxiago dutela jabetuta, familia osoak gozatzeko moduko aisialdi gunea sortu nahi da, familiek eurek sustatutakoa eta gurasoek eurek kudeatutakoa. Gune horretako erabiltzaileek erabakiko lukete zer eskaini, nola eta zein helbururekin.

Horregatik, familia bakoitzak bere jostailuak eramatera animatzen ditu udalak, eta jolasak ere han planteatzea. Tokia irekita, giroa sortzea da orain erronka. Dagoeneko familia batzuekin hitz eginĀ 

du Udalak eta ilusioz hartu dute proiektua. Bertaratu eta familiaz, jolasez eta giroaz gozatzera gonbidatuta zaudete guztiak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide