ELKARRIZKETA: BIDE ERTZEAN, OSTEGUNEAN MATADEIXEN

Maxixatzen.eus 2013ko urr. 28a, 07:00

Bide Ertzean taldearen kontzertua Matadeixen

"77" izenarekin bataiatu duzuen diskoa aurkeztera zatozte urriaren 31n Matadeire. Jada hilabete da diskoa aurkeztu zenutela. Zer moduzko harrera izaten ari da?

Gure ingurukoek gogo onez hartu dute eta hitz onak baino ez zaizkigu iritsi. Baina oraindik goiz da balantze moduko bat egiteko.

Emanaldi batzuk ere egin ditugu, eta oso ondo hartu gaituzte. Guk orain, hirukote moduan, proposamen ezberdin bat egin nahi dugu. Hori izan da disko honekin egin dugun apustua.

Zentzu horretan, jendea kontzertuetatik gustura atera dela uste dugu.

Baina jakin badakigu egongo dela ez hotz ez bero geratuko denik. Normala dena, bestalde. "Don Inorrez" diskoa, honen aurrekoa, guztiz ezberdina baitzen. Fran Iturbek eta Joserra Senperenak protagonismo handia zuten lan horretan. Soinukera ere guztiz ezberdina zuen.

Beraz, batzuei akaso kosta egingo zaie "77" diskoarekin hartu dugun bidea "ulertzea". Baina esandakoa, hau da egin nahi duguna orain.

"77" hau zuen 8. estudioko diskoa da, eta horietatik 2. kontzeptuala. "Non dira" diskoan gerra zibila landu zenuten eta oraingo honetan trantsizioa. Disko honetako kantu askok zuen osaba Sebas eta haren hilketa dute oinarri. Aspalditik dator disko hau egiteko ideia? Erraza egin ahal zaizue bizipen eta oroitzapen horiek plazaratzea?

Gurasoen etxean osaba Sebasen irudia oso presente dago (ETA PMko kide, polizia kontrol batean erail zuten 1977an). Ibarran, zer esanik ez. Ikusi nahi duenarentzat, oso begi bistan daude berari ipinitako plaka, erreka ondoko eskultura...

Eta diskoan jasoa datorren bezala, Sebasek berak ipini zizkigun izenak bixkioi. Baina gure kantuetan ez da sekula azaldu. Orain ageri da, "77" diskoko kantu batzuetan. Lehenago ez bada agertu ez da izan saiatu ez ginelako. Zergatik orain? Ba auskalo. Batzuetan denbora utzi behar zaie ideiei, bere bidea egin dezaten.

Bestalde, arrazoi duzu, neurri batean "Non dira" diskoko moldea erabili dugu. Etxeko pasarte dramatiko batetik abiatu ginen arren, azkenean askoz zabalagoa eta orokorragoa da diskoak hartu duen bidea. Garai jakin bati buruzko hausnarketak dira "77" diskoan batu ditugunak. Gainontzean, erraza ez da ezer guretzat. Adibidez, letra ziztrin hauen atzean ordu asko daude, zalantza ugari eta kezka nagusi bat: zentzurik ba ote duen egiten ari garenak, balekoa ote den... Baina hori ez da berria. Lehenago ere, aurreko diskoetan, antzekorik pasa izan zaigu burutik.

Bestalde, lehen aldia izan da 15 urtetan Bide Ertzean estudioan sartzen dela Kaki Arkarazo eta Fran Iturbe gabe. Zer moduz joan zen diskoaren grabaketa?

Aldarte onean aritu ginen grabaketa egunetan. Baina beldur handiarekin geunden bezperan, ez pentsa. Suso Saizekin lan egiten genuen lehen aldia zen, Jordi Mora soinu teknikaria ia ez genuen ezagutzen, Fran eta Joserraren babesik gabe, Garate estudioetatik aparte, Kakiren gidaritzari uko eginez...

Baina oso ondo konpondu ginen lehen egunetik, eta esperientzia ederra izan da. Musika dinamikoa da eta tarteka errutinak apurtu beharra daude. Errepide nagusitik atera gara lan honekin, eta bestelako bidezidorretan murgildu nahi izan dugu. Baina ez gara itsu-itsuan ibili. Bidelagun handiak izan ditugu azken diskoetan, Kaki, Joserra, Fran… Oraindik orain miresten ditugun artista handiak. “77” diskoan egin ditugun bidelagun berriak ere, ordea, eskarmentu handikoak dira. Eta horrek nolabaiteko babesa eskaintzen dizu.

Dena den, diskoa epaitzeko garaian, ez gara gu egokienak. Baina hartutako erabakien aurrean, asmatu dugun susmoa dugu hirurok. Eta hori gauza handia da.

Zuzenekoetan ere Fran eta Joserra Senperenaren falta izango dituzue. Zertan aldatuko dira kontzertuak? Zer aurkituko du ostegunean Matadeire agertuko denak?

"77" diskoak bere baitan dituen ezaugarri guztiak topatuko ditu Matadeira hurbiltzen denak: hirukote bat eskenatokian. Batzuetan gordin, besteetan apal, gogotsu beti ere.

Aspaldian jo gabe genituen kantu rockero batzuk berreskuratu ditugu eta beste kantu batzuk moldatu egin ditugu, hirukotera.

Orain Durangora begira euskal musikari eta idazleek disko eta liburu mordoxka kaleratuko dituzte. Zerbait gomendagarririk ba al dator?

Bai, noski! Azokaren aurretik, azoka egunetan eta azokaren ondoren, beti izaten da gauza interesgarririk entzuteko. Ez gara izenak aipatzen hasiko hemen, baten bat ahaztuko zaigu,eta ez genuke itsuskerietan erori nahi. Baina gauza oso ederrak egiten dira gurean. Literaturan, 70eko urteetara bidaiatu nahi duenak Mikel Tabernaren “Alkasoroko Benta” eleberria eskura dezake. Udaberrian plazaratu zuen Susak. Koldo Izagirrek duela bi urte argitara eman zuen “Egarri egunak portualdean” nobela ere, garai hari lotua dago eta ederki asko islatzen ditu urte zail eta bizi haiek.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide