ELKARRIZKETA: KONTRAKO EZTARRIXE IRRATIA

Maxixatzen.eus 2013ko urr. 21a, 07:00

http://www.youtube.com/watch?v=Sc4kgSLe-K4&feature=player_embedded

 

Kontrako Eztarrixe irratikoek (FM 94.2) joan den zapatuan egin zuten I. Festie, aurtengo programazioaren estreinaldi gisara. Hona hemen elkarrizketa irratiaren nondik norakoez:

Zer berrikuntza ditu aurten eskaintzen duzuen parrillak?

Arrosa irrati sareari esker orain arte entzun izan ditugun klasikoez gain (Matxura buruan, Celosamente gordea, Zebra bidea, Gonekin ero bero, etab...), berrikuntzak datoz arlo honetan. Erozemat, bidaiei buruzko saioa; Hau mundu bitxia, naturaren bitxikeriei buruzkoa; Eskuliburu ilustratrua, irratsaio teknofilo kultureta eta Azkueren ipuin bilduma, ipuinei buruzkoa, beste batzuen artean.

Hala ere, gure irratian egingo diren irratsaio berriei eman nahi genioke garrantzirik handiena aurtengo parrillan. Lehen Kus kus doinuak, Zorroztarrixe, Xauxar begixek eta Zurrumurrue izan bagenituen, aurten horiez gain irratsaio berriak egingo baitira gurean: Hankak lurrien, kultura magazinea; Lengo lepotik burue, janzkerei buruzkoa; Molotov, latazaratie eta elektro izkinak musika irratsaio bezela. Ziurrenik beste musika saio interesgarri bat jaioko da, Kontrako musikak izenekoa, eta bertan herriko etorkinek beren jaioterrietako musika eskainiko digute.

Zer helburu izan du zehazki joan den zapatuko Kontrako Eztarrixe Festiek?

Batik bat, herriko jendearenganako hurbilketa ahaleginetan jarraitzea izan da gure helburuetako bat. Eta lehengo urteko akatsetatik ikasita, aurten eskainiko den parrilla jendearentzat modu eroso eta beroago baten aurkeztaraztea. Lehengo urtean parrilla jakin nahi bazenuen, gure webgunera sartu beharra zeneukan, eta aurten larunbatean banatutako esku-orriei esker jendeak gure parrilla eskuartean izango du jadanik. Aurrerantzean tabernetan ere eskuratzea egongo dela pentsatzen dugu.

Zein dira Kontrako Eztarrixeren helburuak gaur egun?

Aurretik esan bezala, jendearenganako hurbilketa prozesu horretan jarraitzea, eta irrati berri bat garela kontuan edukita, gaur egun ditugun arazo teknikoei irtenbidea topatzea. Emisioari kalitate hobea ematea, behinik behin.

Entzule mota jakin baten bila al zabiltzate ala edozeinentzako irratia egin nahi al duzue?

Gure asmoa irrati-formula komertzialekin identifikatuak sentitzen ez diren haiengana heltzea da. Eta nola ez, ahotsik ez dutenei ahotsa ematea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide