MINTZANET: ELKARRIZKETA IZASKUN ARRIETA AZKOITIAR BIDELAGUNARI

Maxixatzen.eus 2013ko ira. 30a, 10:28

Izaskun Arrieta, Mintzaneten bidelagun

Orain gutxi eman genuen hemen Mintzaneten berri, aipatuz Izaskun Arrieta azkoitiarra zela bertan bidelariekin hitz egiten duen bidelagunetako bat.

Nola izan zenuen Mintzaneten berri?

Ez dut gogoan oso ondo, baina Ikasbilen bitartez izango nuen. Izan ere, lanean sarritan erabiltzen dut Ikasbil  ataria. Urteak daramatzat lanean Hernaniko Udal Euskaltegian, eta sarritan arduratu izan naiz bertako ikasleak Mintzalagunera bideratzeaz, bai Hernaniko Dobera euskara elkartera, bai Donostiako Udaleko euskara sailera. Maizpidekoekin ibiltzeko ere eman nuen izena noizbait; baina garai hartan, bateko umea, besteko aita, ez nuen parte hartzerik izan.

Hala Mintzaneten berri izan nuenean, ba, bertako atarian sartu nintzen, eta, egia esan, ekimena benetan interesgarria iruditu zitzaidan. Hala ere, hasiera batean, ez nuen izenik eman. Konpromisoa eskatzen zuen, ez nekien denboraz nola ibiliko nintzen, eta tresnarekin ere ez nekien nola moldatuko nintzen. Gaurko gazte jendea primeran moldatzen da tresna berriekin; baina gu ez hain ondo.

Zer behar da Mintzaneten parte hartzeko? Zer pauso eman behar dira?

Batez ere lau gauza aitatuko nituzke: astia, gogoa, ordenagailua eta interneterako sarbidea. Ordenagailuak ez du zertan punta-puntakoa izan. Gurea zahar askoa da, kamerarik ere ez du. Baina web kamera xixtrin bat erostea nahikoa da.

Behin beharrezko diren lau gauza horiek izanda, Mintzanet.net ataria sartu eta bertako galdetegia bete behar da. Eta beraiek jartzen dira kontaktuan. Oso jatorrak dira, eta zalantzaren bat izanez gero, unean bertan erantzuten dute e-mail bidez. Ordenagailuarekin arazoren bat izanez gero, berriz, bertako informatikoek berehala laguntzen dizute Skypen bidez, alde horretatik ez zara bakarrik eta galduta sentitzen.

Zerk bultzatu zintuen zu zeu parte hartzera?

Inguruan euskaldun berri ugari daukat. Xabier Euzkitzek esan bezala, Mintzanet egunero izaten dut  bestela ere etxean, senarra euskaldun berria dut eta. Egunero ikusten dut nolako ahalegina egiten duten, ingurukook euskaraz bizi ahal izateko; baina oraindik eta gehiago hunkitzen naute diasporakoek. Duela urte batzuk, bi txandatan, Argentina eta Uruguayko lau neska izan genituen lanean Hernanin (Miren, Gabriela, Rocio eta Panpi). Han, Buenos Aireseko Laurak bat  euskal etxean euskara ikasi eta Hernanin izan genituen praktikak egiten. Euskaltegia nola genuen antolatuta ikusi, sei hilabetez lanean elkarrekin jardun, eta gero han eskolak emateko. Benetan, ezin da hitzekin azaldu zer sentitzen den euskaraz nola egiten duten ikustean.

Hasiera batean, Mintzaneten izenik eman ez banuen ere, sarritan sartzen nintzen bertan, eta ikusten nuen zerrenda handitzen ari zela, eta asko eta asko Euskal Herritik kanpokoak zirela: Argentina, Mexiko, Txile, Polonia, Erresuma Batua, Alemania, Sevilla... Hori ikustean, benetan hunkitu egin nintzen, eta izena eman nuen.

Zer onura ekarri dizkizu Mintzaneten parte hartzeak?

Hiru bidelarirekin ari naiz: Christian, Maria eta Teresarekin. Christian Txilekoa da, Santiagokoa; Maria, Manchesterren bizi den aguraindarra; Teresa, berriz, Barakaldokoa. Benetan ikaragarri ari naiz gozatzen, asko jasotzen dut haiengandik. Etxekoek ere parte hartzen dute, eta batez ere hamar urteko alabak.

Hasteko, esan behar dut berritsu samarra naizela, eta oso gogoko dudala hizketan jardutea. Beraz, oso ongi etorri zaizkit Mintzaneteko orduak, telebistarik ez ikusteko. Ni, esaterako, ez naiz inoiz izan Hego Amerikan, ezta Erresuma Batuan ere. Mintzaneti esker, paraje horietako berri izaten ari naiz bertara joan gabe: bitxikeria pila, bertakoen eskutik. Bestalde, Christianek bederatzi urteko alaba du. Gureak, berriz, hamar dauzka. Hori jakitean, ikastolan erabilitako ipuinen bilduma osoa bidali genien, eta orain hango euskal etxeko umeak haiek lantzen ari dira. Egun batean, hitzordua jarri zuten biek euskaraz aritzeko. Baina Julieta zeharo urduritu zen, eta bertan behera utzi zuten. Hurrengo batean egingo dute beste saioren bat. Gureari horrek balio izan dio jakiteko non dagoen Txile, Euskal Herritik kanpo ere ari dela jendea euskaraz ikasten, zenbat kostatzen den hizkuntza bat ikastea...

Mariak, berriz, txakurra eta katua ditu. Guk ere badugu katua etxean. Mariarekin saioa noiz nuen galdetzen zidan alabak haren animaliak ikusteko. Hala, hura ere Mariarekin hasi zen hizketan. Mariak, gainera, eskola batean egiten du lan, eta oso hiztuna eta irekia da. Kontua da duela hilabete tratu antzeko bat egin genuela Mariak eta biok. Nik hari idazlanak-eta zuzenduko dizkiot (oraindik ez dit bakar bat ere bidali baina), eta hura, berriz, gure Iratirekin astero ordu erditxoren batean ingelesez aritzen da. Gure alaba zeharo gustura dabil.

Herritar asko ari da atzerriko hizkuntzak ikasten. Horretan makina bat diru gastatzen dute. Mintzanetek kanpoko hizkuntza horiek praktikatzeko aukera ere ematen du: frantsesa Iparraldekoekin, ingelesa, poloniera... Nik, esaterako, hasieran pena hartu nuen Iparraldekoren bat jarri ez zidatelako, hartara frantsesa praktikatzeko aukera izango bainuen. Baina ingelesa praktikatzeko aukera baliatu dugu. Gainera, oker ez banago, unibertsitateko kredituak lortzeko aukera ere ematen du.

Teresarekin dugu harremanik txikiena. Aspaldian ez dut haren berririk, uztailean izan genuen azken saioa. Baina harekin ere ondo moldatu naiz.

Apunta zaitezte, bidelari asko duzue zain, ondo pasako duzue,onura ederra aterako duzue, eta Azkoitixe maitien izena ezagun egingo duzue mundu osoan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide