AITOR ARRUTI: KOADERNO BERDEKO POSTALAK-9

Aitor Arruti Rezabal 2013ko ira. 28a, 10:11

         Azkoitiko plaza nagusia, Elkartasunaren Asteko irakurraldia, 2013ko irailaren 28a.

 

Hizkuntzen Europako eguna izan genuen herenegun.

Europako Batasunak eta Kontseiluak sortu zuten egun hori 2001ean, irailaren 26an Kontinente Zaharrean urtero ospa zedin. Ospatzeko helburuak zuzentasun politikoari zegozkion orobat.

Helburu horiek bultzatu zituen haizeak hauspotuta, galdera batzuk pausatzen dira europar jatorren gogoan, udazken garaian hego haizeak astinduta lurreratzen diren hosto ihartuen moduan:

zein hizkuntza dira Europakoak, bertan hitz egiten diren guztiak ala estatu bakoitzean ofizialak direnak bakarrik?

Europako estatu boteretsuek hizkuntzak jakitearen garrantzia zabaltzeagatik itoarazi izan al dituzte tokian tokiko hizkuntzak eta euren hizkuntza arrotzak inposatu?

Europan ditugun hizkuntzak ezagutaraztea eta haien aberastasunaz kontzientzia hartzea al da Hezkuntza ministro gehienek hizkuntza txikiak behin eta berriz zapaltzearen arrazoia?

hizkuntzen aniztasuna eta aberastasun kulturala sustatzea al zuten buruan Afrikako lurretan, Ceutan eta Melillan, elkartasunari hesiak eraiki zizkioten europarrek?

jendea hizkuntzak ikastera bultzatzea al zen europarren asmoa, hemen eta edonon, mundu bira osoan, berezko hizkuntza eta kultura ahaztera behartu zutenean?

 

Dena dela, hizkuntzak zubi dira gizakien artean, pertsonen arteko harreman tresna, jakintza gordailu, zaindu beharreko altxor.

Izan hala dira, bai, jakina, baina batzuek besteak baino gehiago.

 

Aitor Arruti Rezabal

Maxixatzen Euskaldunon Elkartekidea

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide