SAHATSA: ELKARRIZKETA LEHENAZ, ORAINAZ, GEROAZ

Maxixatzen.eus 2013ko uzt. 8a, 19:48

Sahatsa
dantza taldea

Udan zehar izango dituzten emanaldietan aurrena izango du Sahatsa dantza taldeak datorren zapatuan, hilak 13, Soreasu antzokian, gaueko 22:00etan. Horren harira elkarrizketa egin diegu taldeko ordezkariei.

1.- Urrestillan sortu zenetik, ibilbide luzea egin du taldeak. Nola zaudete gaur egun?

Bai urte batzuk pasa dira Sahatsak bere dantza eta folklorearen bidea hasi zuenetik; gaur egun esan, ondo dagoela Sahatsa, ez nahi hainbatean, baina bai emanaldiak eta ikuskizunak emateko moduan. Ez nahi bezain ondo esatean, mutilak ditugu faltan batik bat.

Emanaldiak eskaintzeko moduan bagaude, baina horrelako talde guztiek bezala mutil gehiago hartuko lituzke Sahatsak. Azken urteetan ikusi da horrelako kultura arloko taldeetan mutil falta dela arazoa, nahiz eta gaur egun nesken aldetik ere hasi den arazoa nabarmentzen. Baina Sahatsak emanaldiak ematen darrai, eta sasoi onean. Musikarien aldetik inoiz eduki duen musikari talderik handieneko garaia da. Sahatsa jarraitzen duenak ikusi ahal izan du hori, jende gaztea hasi da bere aportazioak egiten, eta indartsu gainera, Sahatsak eman dituen kreazio berrien emanaldietan aberatsa izan da musikarien taldea.

2.- Zein balio du zuen taldearen moduko batek euskal kultura transmititzerakoan?

Euskal kultura eta batik bat dantzaren arloa zaintzen dutenak dira horrelako taldeak, gure identitatearen zati garrantzitsu bat, izan ere, dantza eta musikarekin batera herrietako ohiturak mantentzen jarraitzeko lana egiten dutenak gara, zuzenki ez bada ere. Dantza taldeak galduko balira, herrietako hainbat ekintza, ohitura eta agerraldi galduko lirateke. Adibidez Azkoitian Andremaixetako aurreskua. Nahiz eta Umore Onak daraman horren antolakuntza, eta bere garaian elkarte horretako bazkideek dantzan eta sokan parte hartzen bazuten ere, azkeneko urte batzutan Sahatsa dantza taldeak darama egintza hori,  bazkide gazteak ez direlako ausartzen soka horretan sartzera. Soka horretan Aurreskua eta Desafioa deitzen diogun Aurkez Urkekoaz aparte herri dantza egiten da, eta egun dantzaria ez dena edo dantza talde batean ez dagoena ez da ausartzen, edo ez du nahi izaten horrelakoetan parte hartu. Hor, ekintza horretan, transmisioa dantzaren bidez, ohiturarena izango litzateke nahiko lukeenarentzat. Beraz hau aprobetxatzen dut herriko gizonezko edo mutilei parte hartzera gonbidapena luzatzeko.

3.- Zer indargune eta zer ahulgune dauzkazue aurrera begira?

Indargune bezala, taldean bertan dagoen giro ona, tradiziozko dantzak bezala, kreazio berriak sortzeko eta taularetzeko gai garela eta giro horretan egiten duguna maite dugula ikustean aurrera jarraitzeko indarra eta gogoa, Ahulgunea aipatzekotan, alde batetik, lehen esan dudan bezala, jende gazteak parte hartzeko beharra, eta, bestalde, instituzioen aldetik folklorearekiko sentiberatasun edo kariño falta. Gaur egun, elektronikoa edota oso modernoa ez bada egiten, askoretzat ez da kreazio berria, baina folklore arloan ere kreazio handia dago, eta lan asko egiten da horretan. Beti ere gure tradizioa eta herri ezberdinetako ohiturak oinarri ditugula, geurea dena eta gure identitaren zati garrantzitsua dela pentsatzen dugunaren zati bat zainduz, herri musika eta dantza gozatuz. Gure aurreko eta herriko maisuek, guretzat Mozart edo Bachek bezainbesteko balioa duten maisuek. egin zutena errespetatuz eta zainduz

4.- Nolakoa izango da oro har hilaren 13an Azpeitian duzuen emanaldia?

Bada oraingoan eta nahiko jarraian ditugun emanaldietan, "Sahatsa tradiziozko dantza eta doinuetan" ikuskizuna eskainiko dugu. Izenburuak dioen bezala betiko geureak ditugun dantzetan eta doinuetan oinarritua dago. Azkeneko urte batzuetan kreazio berriekin aritu bagara ere buru-belarri lanean, oraingoan tradiziozkoekin osatu dugu ikuskizuna, eta oso gustura eta giro onean gabiltza prestatzeko lanetan. Uda honetan, Azpeitian uztailaren 13an hasiera emanez, Mendaron uztailaren 2 5ean eta Hazparnen izango ditugu emanaldiak. Hazparnekoa abuztuaren 31n izango da, bertako Gaztetxeak antolatu duen euskararen egunaren programazioaren barruan.

Ikuskizunak, taula gainean une oro talde zabala izango du, Behenafarroatik Zuberoara, handik Nafarroara eta gurean gehien ezagutzen diren Bizkaiako dantzari-dantzako zatiak, Lekeitio itsasaldeko tradizio luzea duen Kaixarranka eta Gipuzkoako hainbat tresna erabiliaz egiten diren askotariko jokoen dantzaz aparte, dotoreak diren Agur eta Ezpata dantza eta Fandango eta Arin-Arin bizi eta jendetsuak osatzen dute ikuskizuna.

Esan beharra dago, Sahatsa dantza taldekook, nahiz dantzari, nahiz musikariok, tradiziozko dantzak eta doinuak plazaratzeko beharra sentitu dugula, eta batik bat horregatik osatu dugula ikuskizun hau, baina baita ere esan beharra dago, eskaerak ere egin dizkigutela era horretako ikuskizuna nahi zuten hainbat programatzailek. Tradiziozko dantza, badirudi berriro ere argi izpiak ikusteko unean dagoela.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide