Zuri ipini genion izena, zuri-zuria baitzen, buztan luzeko katu Angora hura.

Lehen aldiz gure baserrian azaldu zenean harritu egin ginen, inortxok ez baitzekien nondik eta nola hel zitekeen.

Egunak joan, egunak etorri, katua gero eta maitagarriagoa iruditzen zitzaigun.

Jolas egiten zuen haurrekin, lagun egiten zion andreari, eta nirekin batera ikusten zituen pilota partiduak.

Katu aparta benetan. Denok maite genuen, beno, zakurrak izan ezik.

Beltz zuen izena, beltz-beltza baitzen, handia, azkarra gure zakurra.

Beltzek zeloak zituen, eta aske uzten genuenean, katuari segika hasten zen.

Zurik, bestetik, agudo ikasi zuen ihes egiten, eta inguruko zuhaitzetara igotzen zen beti.

Egun batean, ordea, Zuri desagertu egin zen. Altan zegoelakoan, ez ginen arduratu. Hirugarren egunean, ostera, ikusi baino, aditu egin genuen, eta txit atsekabetu ginen: haren miaua guztiz mingarria zen.

Aste luze hartan, egunez eta gauez entzun genituen miau garratz haiek, zer eginik ez genuela. Pinu sendo eta altu batera igota zegoen Zuri.

—Zergatik ez da jaisten? —galdetzen zuten haurrek.

Beharbada, zakurraren beldurrez, enborrean gora gehiegi igo eta adio!, ez zekien gero nola jaitsi. Hori uste nuen nik hasieran. Hori esan nien haurrei.

Pinuaren gainaren adar bati helduta iragan zuen aste luzea. Egunero bisita egiten genion, haren miauak aditu ez ziren arte.

—Katuak zerura joaten al dira? —galdetzen hasi ziren haurrak.

Eta etsita, goseak jota edo goitik erorita hilda zegoela uste arren, arrats hotz hartan azaldu zen berriz Zuri gure ate aurrean, lehen egunean bezalaxe.

Goseak eta hotzak jota ahuldurik, bi aste eman genituen suspertzen. Eta, erabat indarberrituta zegoenean, lanera nindoala egun betez, andrearen deiadarra aditu nuen atzean.

Beldurtuta, Patrola gelditu, irten, eta zoruan topatu nuen, hilik.

—Zergatik hil da orain? —galdetu zuten haurrek—. Zergatik, sendatu berri denean?

Zuri etorri bezala joan zen gure bizitzatik. Pinupean lurperatu genuen. Haurrek loreak ipini zizkioten, eta niri zera otu zitzaidan: pinu hartara ez zela igo zakurrari iheska, ez, Herioari berari baizik.

Zurik ez zekien, ordea, Herioa ez dagoela engainatzerik.

Juan Karlos Merino

Eibarren 2000ko urtarrilaren 12an

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide