Gogoan dut txikia nintzela baserri moduko eraikuntza zahar batean bizi ginela.

Gogoan dut bazegoela leiho txiki bat, sarrerako ate gainekoa, nondik eguzkia sartzen zen udan, eta ilunsentian soilik. Oso bitxia zen, egia esan.

Barrua gela bakarreko bi solairukoa zen. Gelak borobilak ziren, oso zabalak. Sartu bezain pronto bazegoen pitxarreko sagar-uraren usaina airean, piper idorraren gorria bistara, Gabonetarako atondua bezala.

Sutondoa, bai, sartu eta aurrez aurre zegoen, eta eguzkia sartzen zen garaian kolore eta argitasun magiko batez janzten zen. Su inguruan beti txinparta-zipriztinak zebiltzan dantzan eta ke-zulo eder batean gora desagertzen ziren, izpirituak balira bezala. Laratzean lapikoa borborka zegoen beti. Barruko saltsan lukainkak igerian eta hirugihar zuriaren kresala usaintzen zen.

Ezkerrean, haritzezko mahai luze gainean ziren askarian jandako intxaur apurren hautsa, edalontzietan sagar-uraren hondarrak eta ezti-usaina. Aldamenean sumatzen zen oilasko errearen lurrina, adreiluzko labetik atera berria, hantxe baitzegoen begien eta ahoaren atseginerako. Afaltzeko genuen guztia zen. Eta aitortu behar dut gurean asko baginen ere, haiek garai gogorrak ziren arren, ondo moldatzen ginela beti; goserik ez ezagutzeko moduan, bederen.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide