Behin, aita agertu zen izerditan, arnasestuan eta osabari laguntza eskatu zion berehala. Haiekin joateko agindu zidan gero, hainbat zorro, larru, tramankulu, eta arma soinean eramateko. Ehizan abiatuko ginela uste nuen, baina oker nengoen.

Ez ohiko urduritasuna zeriola ikusita, kezkatu egin nintzen. Aita ez zen gizon kakatia, eta orain beldurrak airean zegoen. Gainera, keinuz adierazten zion dena osabari eta katuak baino arinago zebilen hotsik ateratzeke. Laster sumatu nuen benetako estualdia zela hura.

Gertu, oso gertu zegoen toki batera eraman gintuen. Iristean ikusi genuen gizon bat lurrean, odoletan zegoela. Aitak ehiza zelatan ari zela begiztatu zuen. Atzerritar hura erromatarra zen. Sekula ez zuen ikusi bat hain gertu. Neuk ere ez. Gurea arriskuan zegoela, erasora jo zuen aitak berehala. Aurretik ziurtatu zen, noski, haietako beste inor ez zegoela inguruan. Eta halaxe zirudien, gure onerako. Bai. Bakarrik zegoen. Eta ez. Hura ez zen ohikoa. Horrek esan nahi zuen gizon hura seguru sentitzen zela gure eremuetan, ez zuela gure berri. Eta aita indartsua zen gero! Berehala akabatu zuen.

Hurbildu nintzaion, jakin-minez. Odoletan zerraldo zegoen gizona ez zen gudaria, osabaren hitzetan. Hura herritarra zen. Kolono esaten zitzaien horrelakoei. Aitak azaldu zidan, erromatarrek lurralderen bat menperatu ondoren, horrelako kolonoak bidaltzen zituztela gero, herriak sortu eta eraikitzeko.

Gizon hark, nonbait, errekan gora jo zuen bazterrak miatzeko asmoz. Osabaren ustez, urre bila zebilen eta horrexegatik zegoen bakarrik; izan ere, dirudienez, erromatarrei izugarri gustatzen zaie, eta urrerik lortu ahal izateko edozer egiteko gauza omen dira.

Aitaren kezka zen baten batek jakingo zuela hona etorri zela gizon hura eta, lehenago edo beranduago, etorriko zirela beste batzuk atzetik, bere bila.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide