XIOMARA GALVIS MINTZALAGUNA

admin 2013ko eka. 3a, 18:30

Xiomara Galvis - mintzalaguna

Joan den zapatuan Mintza Eguna izan zen Elgoibarren, euskaldun berriak eta zaharrak elkartzen dituen mintzalagunen jaia. Egun horren harira, Azkoitian bizi den mintzalagun bati egin diogu elkarrizketa. Xiomara Galvis Kolonbiakoa da, Calarcá herrikoa, baina hangoa bezain azkoitiarra sentitzen dela dio. 28 urte beteko ditu gutxi barru eta orain dela 8 etorri zen Azkoitira. Urte batzuk beranduago hasi zen euskara ikasten.

Zergatik hasi zinen euskara ikasten?

Niretzat oso garrantzitsua zen euskara ikastea. Hemen, nire inguruan, denek hitz egiten zuten euskara, eta horiekin egoteko beharrezkoa nuen. Hemen integratuta sentitu eta hemengo kultura ezagutzeko ere beharrezkoa zela pentsatu nuen. Gainera, hasieratik asko gustatu zait euskara!

Eta mintzalagunean ere parte hartzen duzu, ezta?

Bai, bai! Iaz hasi nintzen mintzalagunean. Euskara ikasten ari nintzen euskaltegian, baina han ulermena eta oinarrizko ezagutza lortu banuen ere, hitz egiteko soltura falta zitzaidan. Ahozkoa praktikatzeko izena eman nuen mintzalagunean. Gainera, guk euskaltegian euskara batua ikasten dugu eta nik azkoitiarrez ere ikasi nahi nuen, azkoitiarrez hitz egin. Asko gustatzen zait!

Zer ematen dizu mintzalagunak?

Mintzalaguna jendea ezagutzeko bide paregabea da, bai euskaldun berriak baita euskaldun zaharrak ere. Herriko hizkera ezagutzeko ere bide polita da.

Herriko jendeak hitz egiten al dizu euskaraz?

Bai, baina ez beti! Eta horrek asko amorratzen nau. Askotan pasatzen zait kalean norbaitekin hitz egiten hasi, eta hark niri gaztelaniaz egitea. Nik euskaraz berari eta hark niri gaztelaniaz, ridikuloa da! Eta nik esaten dut: aizu, nik badakidala euskaraz!

Beharrezkoak dira horrelako egitasmoak?

Bai, noski. Horrez gain, euskara ikasteko laguntzak zabaltzea behar dela uste dut. Eta nola ez, jendea mintzalagunean parte hartzera animatu nahiko nuke, euskaldun zahar nahiz berriak, hor ere guztion laguntza beharrezkoa da eta.

 

Xiomarak bezala, mintzalagun bila dabilenak, badu orain beste aukera bat ere: mintzanet.net.

Mintzakideak interneten aurkitzeko helbidea da.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide