Rapa-rapa. Onomatopeia, azkar-azkar adierazteko.

Tanger-Chefchaouen: 111 km. Autobusez, hiru ordu.

Autobus zahar batean sartu gara. Nire kalkuluen arabera, autobus honek fregona

azkenekoz ikusi zuen egunean Hassan II.a oraindik bizirik zegoen. Jende gehiena

aurreko eserlekuetan jartzen da. Bakarrik sartu arren, beste bidaiarien ondoan

jartzen dira, baita bestea pasiloko eserlekuan eserita badago ere. Etorri berriari

lekua uzteko jaiki egiten dira eta lixto. Konpainia bilatzen dute. Ondokoarekin hitz

egiten dute. Batzuetan bidaiak irauten duen bitartean aritzen dira solasean; beste

kasuetan, berriz, pare bat esaldi besterik ez dizkiote elkarri esaten. Gazte batek

atentzioa eman dit: bakarrik zegoen eta beste gizon bat ondoan eseri zaionean

beste eserleku batera mugitu da. Bakarrik egon nahi du, antza. Emakume bat ume

txikia besoetan duela sartu da autobusean. Berehala eskaintzen diote laguntza

trasteak eta umea ondo jarri ditzan. Umea beste bidaiari baten besoetara pasatzen

da, eta ama ondo kokatuta dagoenean bere altzora bueltatzen da. Poltsa eta maleta

asko daramatzate bidaiariek. Ez dago irratirik. Ezta wifirik ere. Hogei minutuko

atzerapenarekin abiatu da autobusa. Geltokitik atera aurretik birritan gelditu da

bidaiari gehiago jasotzeko. Inor ez da kexatu. Inork ez du erlojurik edo mugikorrik

ateratzen ze ordu den begiratzeko. Halako batean, atera gara hiritik eta bihurgunez

betetako errepidean aurrera goaz. Hemen ez dute balio nire kalkuluek: 111 kilometro

= ordu eta piku. El Fendek herrian egin dugu lehen geldialdia. Jendea, maletak,

poltsak joan-etorrian. Neska gazte bat igo da autobusera eta mutil bakartiaren

ondoan jarri da, leihoko eserlekuan. Ezagunak dira, nabarmena da. Hitz egiten hasi

dira, irrifarrez eta animatuta. Bale, orain ulertu dut. Leihotik begiratzean gauza bitxi

batekin konturatu naiz: jendea dago bide bazterrean egonean. Gizon bat eserita,

beste bat arbolapean etzanda, bi neska petril batean eserita, emakume bat asto

baten ondoan zutik. Zeren zain daude? Zertan ari dira? Pentsakizun hauetan nagoen

bitartean hurrengo geltokira iritsi gara eta gizon bat eseri zait ondoan. Berehala

hasi da berriketan. Bere aitak gaztelania erakutsi omen zion umea zenean, eta

antzematen da atsegin duela praktikatzea. Chefchaouengoa da, eta bertako kontuak

kontatu dizkit. Nik galdera pila egiteko aprobetxatu dut, eta elkarrizketa moduko

bat hasi da. Konturatzerako azken geltokira iritsi gara.

Madril-Bilbo: 399 km. Autobusez, lau ordu eta erdi.

Autobus moderno eta txukunean sartu gara. Irizar, what else? Eserlekuak apur

bat banatuta daude, erdian tarte bat geratzen delarik. Aire aire! Autobusa beteta

dago, eta bidaiariek elkarrekin joan behar dute. Baina inor gutxik hitz egiten du.

Gidariak eta bidaiari batek liskarra izan dute azken honek igo nahi duen motxila

handiegia omen delako. Motxila erdi hutsik dagoela eta igotzen uzteko erregutu dio

bezeroak. Azkenean utzi dio, baina biak umore txarreko daude orain. Hamar minutu

beranduago abiatu gara metroko langileak greban daudelako eta jendea juxtu samar

heltzen ari delako. Lur azpitik atera eta azaleratu gara. Hiria atzean utzi eta hiru

erreiko errepide zuzen eta luzean barrena goaz orain, abiadura bizian. Hemen

bai, pentsatu dut, hemen 100 kilometro = ordubete. Ingurura begiratu eta hamarretik

zortzik mugikorra, tableta edo portatila esku artean piztuta dutela konturatu naiz.

Zeinek egon nahi du hemen orain? Irratia entzuten da bolumen txikian, txoferraren

parean. Jende gutxik hitz egiten du. Ia denak bakarrik doaz. Nire aurreko gizonak

pasiloaren bestaldeko neskarengana jiratu da, “barkatu”, esan dio eta ondoren zera

galdetu dio: “zein da pasahitza?”. Neskak erantzun dio: “walsa”. Azalpen bideoaren

ondoren film bat jarri dute: Eva. Robot baten inguruko zientzia-fikziozko istorioa.

Paso. Leihotik begira hasi naiz, eta ez dut inor ikusten. Eta ikusten dudana azkar

pasatzen da nire begien aurretik. Seinaleak, etxeak, hesiak, fabrikak eta paisaia

besterik ez. Inor ez egonean.

http://www.cittaslow.org/

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide