Naxena. Gehien nahi dena.

1968an ikusi zuten haren argazkia aurreneko aldiz. Urdina, txikia, zoragarria zen; espazioan bakarti ageri zen. Ondo ezagutzen zutela uste zutenek sorpresa hartu zuten. Bat-batean, Lurra ez zen handia eta agortezina; hauskorra eta txikerra baizik.

Une historikoa izan zen Lurrari espaziotik egindako lehen argazkia erakutsi zutenekoa. Estatu Batuek hazkunde mugagabean oinarritutako eredu desarrollista exportatzeari ekin ziotela 20 urte igaroak ziren. Wolfgang Sachs-en iritziz, eredua aldatzeko momentu aproposa zen Lurra mugarik gabeko planeta izatetik, toki eta baliabide mugatuak zituen planeta izatera pasa zeneko hura. Garapena, hazkundea eta antzeko kontzeptuak baztertzeko balio beharko luke argazki hark, soziologo alemanaren aburuz. Baina lurtar batzuen diru-gose mugagabeak ez du kontra egingo dioten argazkien edo frogen beharrik. Ezta irudietan agertzen dena zinez damugarria denean ere.

Ia mende erdi geroago, berriro ikusi dugu Lurra kanpotik. Felix Baumgartnerrek 39.000 metrotik salto egin duenean, planetatxoa oinen azpian urruti duela, zerumuga, lainoak, itsasoa, ibaiak, lurrak ikusi ditugu. Mugarik ez, baina. Hala ere, hemen, lur azalean, muga geografikoez eta politikoez eztabaidan dihardugu. Espaziotik begiratuta ikusten ez diren muga horietaz, hain zuzen. Eta bitartean, benetan axola dion muga bakarrari ez ikusiarena egiten diogu, paraxuta azken unean zabalduko zaigunaren esperantzan.

 

http://www.youtube.com/watch?v=gMsSrxGwW8U

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide