Mira, mirie. Arraroa, bitxia.

“Llega el otoño y se queda hasta el 21 de diciembre”. Irailaren 22a da eta ezin dut sinetsi diariovasco.com atarian irakurtzen ari naizen titulua. Bai, urtero fetxa honetan iristen da udazkena. Eta bai, urtero hiru hilabete geroago alde egiten du neguari lekua utzita. Zein da nobedadea? Zein albistea?

Eguraldiak gero eta tarte handiagoa du albistegietan, eta euria ala eguzkia dagoen ikusteko leihotik kanpora begiratzea besterik ez daukagula ahaztuko zaigu laster. Gainera, beldurra eragiteko ere erabiltzen da klimaren gaia. Lehen ekaitza zena, ziklogenesi leherkorra da gaur. Lehen senak agintzen ziguna egiteko, alerta horia-laranja-gorriaren protokoloaren arabera egiten dugu gaur. Ez daukat ahazteko 2004ko abenduan telebista piztu eta Gaur Egun albistegia ikusten hasita sentitu nuena. Irratian entzuna nuen Indonesian lurrikara eta tsunamia izan zirela eta hildako pila zegoela. Telebista piztu eta Euskal Herrian (abenduaren 26an!!!) elurra ari zela izan zen lehendabiziko notizia. Ondoren eman zuten Indonesian gertatutakoaren berri, milatik gora hildako izan zirela zehaztuz (geroago jakin genuen 170.000 izan zirela). Neguan gurean elurra egitea notizia garrantzitsua al da? Hildakoak gertukoak balira albistegia zabaltzeko erabiliko al lituzkete?

Nire ustez, lanbiderik ederrenetakoa da kazetaritza, gizarte justu bat lortzeko ezinbestekoa, esango nuke; baina honelako adibideekin eta egunero ikusten ditudan beste hamaika ereduekin fedea galtzen ari naiz. Eskerrak oraindik badagoen komunikazio enpresa handietatik eta emaitzen tiranietatik urrun dabilen kazetaririk. Baina ez da ohikoena. Arraroak dira.

http://www.pascualserrano.net/

http://www.attac.tv/

http://www.rebelion.org/

http://www.monde-diplomatique.es/

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide