Drotin. Azkar.

Konturatzerako urtebete pasatu da. Hamabi hilabetean gauza asko aldatu dira, denak berdin jarraitzen duela dirudien arren. Udaberria, uda, udazkena, negua, eta berriro udaberria. Azkar igaro da urtea, drotin. Eta konturatzerako hamasei urte igaro dira. Eta udaberriaren erdian, egunero Zumarragako errepidean barrena egiten dudan joan-etorrietako batean, bazter guztiak etengabe aldatzen doazela eta enegarren udaberriak ere dena aldatuko duela datorkit gogora. Zuhaitzak hosto berdez jantzita; lore berde-urdin-zuri-hori-ederrak bazterrak zipriztintzen; bele goiztiar axolagabeak bidea gurutzatzen; eta Aizpurutxotik pasatzerakoan nobedade bat sumatu dut, frontoiaren zutabe batean kartel bat azaldu da (igandean egingo den mendi martxaren iragarkiarena izango da); pixka bat aurrerago, koloretako erlauntzak ageri dira harrobi ondoko muinoan;eta Aginagatik Urretxurako bidegorrian jendea pasieran dabil, Beitia Martxako elastikoak soinean jantzita, 2008koa, 2011koa… denak desberdinak, denak ezagunak.

Udaberriaren erdian, 16. Iñaki Beitia mendi martxaren hitzordua gorriz ageri da sukaldean zintzilikatutako egutegian: maiatzak 20. Normalean hutsik dagoen pilotalekua domekan jendez beteko dela iragartzen duen afixak tinko dirau, gure oroimena bezala. Iñaki Beitiaren omenezko ibilaldian parte hartuko duten ehunka lagunei esker Aizpurutxo inoiz baino

biziago egongo da maiatzeko igande honetan. Eta mendizaleen urratsek berriro ekarriko dute Iñakiren bihotz handiaren taupaden oihartzuna.

Azkar igaro da urtea, drotin.

http://www.beitia.org/beitia/

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide