Bertan Bilbo! Zerbaiten handitasuna edo edertasunagatik txundituta gelditu. "Je! Earra dek! Bertan Bilbo!".

Bertan, Bilboko Arte Eder museoan, zabaldu dute “maleta mexikarra”. Hirurogei urtez gordeta egon den altxorra azaleratu da eta begiak zabalik dituenari hamaika istorio kontatzeko prest dago.

Espainiako 36ko gerran lanean aritu ziren hiru argazkilariren lanak argia ikusi zuen Mexikon 1995ean, eta, harrezkero, historia argitzen laguntzen dihardu han-hemenka. Robert Capa, Gerda Taro eta David ‘Chim’ Seymour kazetari grafikoek euren biziak arriskatu zituzten faxismoaren kontrako borrokan gertatutakoak munduari zabaltzeko. Gernika, Brunete,

Teruel, Elgeta, Bilbo eta gerrak eragindako beste hainbeste zauri ahanzturatik libratu zituzten argazkien bitartez. Kamerak bakerako arma gisa hartuta, Bigarren Mundu Gerrarako zitalkeriaren laborategia izan zen Espainiako gerraren ankerkeria agerian utzi zuten. Errefuxiatu eremuetan, fabriketan, bonbardatutako kaleetan, lubakietan zein miseriaren erdian izan ziren Capa, Taro eta ‘Chim’, beraien lekukotza utzi ahal izateko. Herriaren ondoan jarri ziren herriaren alde egiteko. Bestelako protagonistekin ere izan ziren, Ernest Hemingway, Federico García Lorca, Dolores Ibarruri eta Agirre lehendakariaren erretratuak egiteko aukera izan baitzuten, besteak beste.

Dokumentu grafiko preziatu hura maleta batean gorde eta ezkutuan eduki zuten, faxisten eskuetatik salbu gera zedin, eta, galtzeko zorian egon den arren, 60 urte geroago gailendu da egia. Bat-batean. Itoak ur azaleratzen diren bezalaxe.

http://www.museobilbao.com/eu/exposiciones/maleta-mexikarra-184

‘Maleta mexikarra‘

Bilboko Arte Eder museoa (12|02|27 • 12|06|10)

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide