HANKAHUTSIK TALDEA, GAUR ZURTEN

Maxixatzen.eus 2013ko aza. 8a, 00:00

musikazuzenean.com

Gaur, hilak 8, izango da Maxixatzenen azaro kulturala hasteko lehen ekitaldia.  Poesia eta musika uztartzen dituen Hankahutsik emanaldiaz gozatu ahal izango dugu Zurt tabernan 22:00etan. Taldeko partaide den Ainhoa Mendibil Artetxek honela azaldu digu egiten dutena:

“Sortu ginen kasualitatez, Elgoibarko festa feminista antolatzen ari ginela antolatuta genituen kontzertuetako taldeek azken momentuan kale egin zutelako, eta zerbait egin beharra genuelako. Ihintza eta biok hasi ginen, genekiena edo ahal genuena egiten. Berak gitarra hartu eta kantatuz eta ni idatzita nituen testu batzuk irakurriz. Festa salbatzearren baino ez, baina jendeari gustatu egin zitzaion eta batetik eta bestetik deika hasi ziren. Eta gehiegi pentsatu gabe segi genion kontuari. Gero hirugarren lagun bati egin genion taldean parte hartzeko gonbidapena: Aitorri. Saxofoia jotzen du berak, artista hutsa da, eta elkarrekin eman genuen lehenengo kontzertua nahikoa izan zen primeran konpontzen ginela ikusteko.

Taldera batutako azkena Lorea da, perkusioaz arduratzen da bera. Zeharo okupatuta bizi da (Las Tea Party DJ bikoteko partaidea da, eta famosak egin dira eta badakizu...) eta beraz, ezin izaten dugu kontzertu guztietan bere presentziaz gozatu, baina oraingoan zortea izan dugu eta gurekin arituko da Azkoittin.

Gutxitan eskaintzen ditugu kontzertuak, garai batean saturatu egin ginelako, bestela ere mila saltsatan gabiltzalako eta agendak batzea kostatzen zaigulako, eta garbi daukagulako talde honek plazer hutsagatik baino ez duela funtzionatuko. Apenas elkartzen gara bestela, kontzertuetan ez bada, eta hortaz, jendeak kontzertuetan ondo pasatzen duen arren geu izan ohi gara gehien disfrutatzen dugunak. Besteak beste, horregatik jarraitzen dugu jotzen.”

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide