Urratsa egiteko ordua

Boto aurreratua emateko epea, zabalik

Erabiltzailearen aurpegia Urrats Taldea 2017ko api. 24a, 10:41

Maiatzaren 7an botoa eman ezin duenak, aurretik emateko aukera izango du. Apirilaren 24tik maiatzaren 5era aurretiazko botoa eman ahal izango da, Gure Esku Dagoren lokalean (Berdura Plazan).

 

Bi aste eta erdi barru, Euskal Herriko galdeketen inoizko olaturik handienak hartuko ditu Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 50 herri, tartean Azkoitia. Atzera kontaketa hasi da, eta Urrats taldeak jada prest ditu hautestontziak.

Gaurtik, boto aurreratua emateko aukera izango dute herritarrek,  Gure Esku Dagoren lokalean, ondorengo ordutegian: astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 12:00etara eta 17:30etik 19:30era, eta larunbatetan 11:00etatik 13:00era. Bertara joan ezin duenari, eta boto-emaileak hala eskatuz gero, hautestontzia etxera emateko aukera ere badago. 

Azken ukituen faltan, galdeketa egunerako dena prest dago: hauteslekuak, mahaikideak, boto-kutxak …  Prozesuaren gardentasuna eta fidagarritasuna zaintzen egongo den kontrol eta begirale taldea ere, izendatuta dago. Datozen egunotan xehatuko dizuegu informazio hori guztia.

Bitartean, Urratseko  Ekintza Batzordea, bi festa egun antolatzen ari da: alde batetik, apirilaren 29an, Girotze Festa egingo dugu: musika, dantza, haur-jolasak eta beste hainbat ekitaldi antolatu dira egun horretarako.  13:00ean, berriz, argazki erraldoia aterako da herriko plazan, erabakiaren aldeko aldarri ozena lau haizetara zabalduz.  Bestetik, maiatzaren 7an bertan, Erabaki Eguna ospatuko da: egun horretarako ere, egitarau zabala prestatu da. Besteak beste, arratsaldeko 18:00etan, Passepartout eta Hartz taldeen kontzertuak izango dira Herriko Plazan.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide