Herri-galdeketaren aldeko prozesuan parte hartzeko, dei bateratua

Erabiltzailearen aurpegia Urrats Taldea 2017ko urt. 28a, 15:21

Demokrazia garaian Azkoitiko Udalean herritarren ordezkari izan diren 40 hautetsi inguru bildu dira, erabakitzeko eskubidea erdigunean jarri, eta herri-galdeketa babesteko: “Dei egiten diegu azkoitiar guztiei herri-galdeketaren aldeko sinadura ematera eta, nola ez, maiatzaren 7an botoa ematera”.

 

Erabakitzeko eskubidearen alde bat egin dute Azkoitiko Udaleko 40 bat hautetsik eta hautetsi ohik. EAJ, EA, HB, EH, ANV, Kimue, Batera, Azkoitia Bai eta EH Bilduko ordezkariak elkartu dira; lehen udal hauteskundeak egin zirenetik, azkoitiarren ordezkari izan diren zinegotzi eta alkateak. Besteak beste, bertan izan dira, Ramon Unanue (EAJ), Nerea Zubizarreta (EAJ), Pello Baztarrika (EH Bildu) eta Urrategi Alberdi (EH Bildu) alkate izandakoak.

Oteiza Frontoietan egin dute agerraldia, gaur eguerdian. Mikel Zubizarreta (EAJ) eta  Jexux Oteiza (EH Bildu) zinegotzi ohiek irakurri dute adierazpena.  Maiatzaren 7an egingo den herri-galdeketaren prozesuan parte hartzera deitu dituzte azkoitiarrak: "dei egiten diegu azkoitiar guztiei herri-galdeketaren aldeko sinadura ematera, eta, nola ez, maiatzaren 7an botoa ematera", adierazi dute. 

"Aniztasuna oinarri hartuta", erabakitzeko eskubidearen alde batzeko deia egin dute: "Azkoitiko herriaren zerbitzura egon ginen eta  gauden alkate eta zinegotziok Euskal Herriarentzat erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen dugu. Horrela, guk ere, aniztasuna oinarritzat hartuta, kolore, adin, pentsaera eta izaera ezberdinetako azkoitiarrak erabakitzeko eskubidearen aldeko ekimen honetan parte hartzera animatzen ditugu", esan dute.

Urrats taldearen izenean, Leire Gorrotxategik eskerrak eman dizkie bertan bildutakoei: "Euskal herritarron erabakitzeko eskubidea. Aldarri horrek bildu ditu hemen demokrazia garaian Azkoitiko Udalean herritarren ordezkari izan direnak.  Ez daude denak, baina bai denetarikoak. Siglen gainetik, oinarrizko eskubide bat defendatzeak batzen dituelako.  Azkoitiko historian inoiz ikusi ez den argazkia da gaurkoa:  jabetu gaitezen guztiok honek duen balioaz!", nabarmendu du.

Horra, goizean ateratako argazki batzuk:

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide