Urratsik ez atzera

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Sostenipe Talde Feminista 2016ko abe. 14a, 16:49
Argazkian, Urrats-en hirugarren film laburreko zati bat.

Gure Esku Dago mugimenduaren Azkoitiko Urrats taldeak, 2017an egin asmo duten herri galdeketaren harira, hiru bideo kaleratu berri ditu Youtuben. Labur esanda, erabakitzeko ahalmena jarri dute jo puntuan, eta erakutsi nahi izan dute geure erabakia geure esku dagoela.

 

Aurreneko bideoa zer kirol egiten hasi oso garbi ez daukan mutil gazte bati buruzkoa da. Bi aukeraren artean erabaki behar du: zumba edo futbola. Bigarren bideoan, berriz, gaupasero batzuk azaltzen dira kafetegian, Heinekena edaten batzuk eta Cola Cao opilekin gosaltzen besteak. Neska bat kafetegira sartu, eta zer eskatu ezin erabakita dabil: garagardoa edo Cola Cao. Horraino, esango dugu, dena nahiko ondo.

Hirugarren eta azken bideoak harridura eta amorrua eragin digu, ordea. Bideoan, gazte talde bat Matadeiko afterrean ageri da parrandari azkenak ematen, eta halako batean atetik sartzen da bideoko protagonista: Zenizienta delako neska gaztea. Barran jartzen da zeozer eskatzeko, eta aldamenean dauden bi mutil gazteek, txunteroak eta baserritarrak, goitik beherako errepasoa egiten diote. Neskak zerbeza eskatzen du, eta baserritarrak esaten dio ezetz, berak ordainduko diola, eta goitik behera begiratzen dio berriz ere. Neskak buelta ematen du, eta, hara, gainean du txunteroa, zeinek berehala eskutik heldu eta beregana ekartzen baitu. Matadeixe itxi, eta kanpora doaz denak, baina bi mutil gazteak han gelditzen dira, elkarri desafioka, saria (Zenizienta) etxera nork eraman lehiatzen ariko balira bezala. Kanpoan, bi mutilak oilarren pare pasatzen dira neskaren aurretik harrokeriaz, segurutzat joko balute bezala neska beraiekin joango dela. Eta horra hor neskaren dilema, ezin erabakia: norekin joan etxera, txunteroarekin ala baserritarrarekin?

Bada, gure iritziz, mezu erabat sexista transmititzen du bideoak. Izan ere: erakusten du neskak mutilen jarduna entzun eta jasan behar izaten duela beti, parrandan kasu honetan, eta, tamalez, halaxe gertatzen da benetan. Erakusten du mutilak jardun egin diezaiokeela neskari eta nahieran begira diezaiokeela, inolako erreparo edo disimulurik gabe, eta, tamalez, halaxe gertatzen da benetan. Erakusten du mutilak zilegi duela neskari baimenik eskatu ere egin gabe eustea, eta, tamalez, halaxe gertatzen da benetan. Eta erakusten du neskak batekin edo bestearekin joan behar duela derrigor, beste alternatibarik edukiko ez balu bezala.

Hainbat galdera datozkigu burura: neska ezin al da bakarrik joan etxera, bi mutilak pikutara bidalita? Neska ezin al da lasai dantzatu inoren jarduna aguantatu behar izan gabe? Ezin al da neska bera izan beste norbaitekin ligatzen saiatzen dena? Neskari ezin al dio beste neska batek jardun, edo mutil bati beste mutil batek? Zergatik ez da mutila Zenizienta eta zergatik ez dira neskak txunteroa eta baserritarra?

Badakigu umorezkoak eta barre eragitekoak direla bideoak, eta umorez hartzen ditugu gauzak geuk ere (bai, sinets ezazue), baina adierazi nahi dugu umorearen izenean denak ez duela balio, dena ez dela balekoa. Gizarte plurala eta “koloretsua” aldarrikatu ohi da, “pentsamendu, jatorri, sinesmen eta kultura oro” aintzat hartuko dituena, baina, konturatu gabe akaso, betiko topiko sexistak erakutsi eta nabarmentzen dira behin eta berriz. Uste dugu horixe bera gertatu dela azken bideo honekin: Urratsek, umorea abiapuntu hartuta, neskok sarritan jasan behar izaten dugun egoeraren (jazarpenaren) parodia egin du, inongo asmo txarrik gabe seguruenik, baina betiko estereotipo sexistak agerian jarriz. Ozen eskatzen dugun aniztasun hori lortu nahi badugu, aniztasun hori bera landu eta erakutsi behar dugu. Horregatik, garrantzitsua da horrelakoak sortu eta argitaratzen ditugunean topiko sexistak edo estereotipoetan oinarrituak bazter uztea, are gehiago gazteei begirako zerbait bada.

Eta esan gabe doa ez dugula inor iraindu edo txarrera kritikatu nahi, bai baitakigu egitasmo horren bueltan neska-mutil ekintzaile eta gogotsu asko daudela. Honen guztiaren inguruan hausnar dadila eta ikuspegi feministatik azter dadila eskatzen dugu. Izan ere, herri eta gizarte irekia izan nahi badugu, saiatu behar dugu barne lanketa egiten eta ahal dugun heinean beste errealitate batzuk kontuan hartzen eta islatzen, betiko estereotipo merkeetan oinarritutako herri batek nekez egingo baitu aurrera.

Zeregin hori dunk

hirugarren urratsa?

 

Errepikatuz akatsa,

narrastu zaink arnasa:

zerionk kiratsa.

 

Eta arrastaka

zekarrenk isatsa:

arrasto ilunbeltz

amaigabeko itzala.

 

Atzerantz egiteko badunk

nik neuk ez di(n)at

halakorik zabaltzeko grina/

niri neuri ez zaidank

iruditzen zabaltzeko duina.

 

Geure esku zionk:

estereotipo matxistok

akabo, kito betiko.

 

Zer irizten dionk?

 

Urrats dotorea,

erabaki morea.

 

Ez urratu gure etorkizuna

 

Urrats bat bera (ere) ez atzera,

horra hor gure aukera.

 

Erabaki morea,

etorkizun hobea.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide