"Hijoputa" eta "tontolapiko": ez dute indar bera

Erabiltzailearen aurpegia Mailu Irizar 2017ko ots. 9a, 10:50

Ni euskarako irakaslea naiz, eta urteak pasatu ditut ikasleen jarrera ulertu ezinik. Ikastetxean hainbesteko ahalegina egin, hainbeste ordu euskaraz aritu… eta, hala ere, ikastetxeko atetik atera orduko “gaztelania batu ederrean” sumatu izan ditut askotan.

Kike Amonarrizek eskola batean ikusia kontatu zidatenean ulertu nuen guztia. Behin, bi ikasle sumatu omen zituen eztabaidan, haserre, oso haserre, eta elkarri “hijoputa”, “cabrón” eta horrelako perlak eskainiz. Bat-batean, bietako batek zera esan omen zuen: “Eh, eh, la andereño de euskara”. Ikasleak, berehala, jarrera aldatu omen zuen (ez, isildu ez!); euskarara pasatu, eta hauxe bota omen zuen: “Tontolapiko”. Oso adibide ona iruditu zitzaidan gure ikasleei gertatzen zaiena ulertzeko. Denok dakigu hijoputa-k eta tontolapiko-k ez dutela indar bera. Orduantxe ulertu nuen gure ikasleei gertatzen zaiena: euskaraz txisteak kontatzeko, irainei eta burlei erantzuteko, sentimenduak adierazteko, adarra jotzeko… baliabideak falta zaizkie. Orduan ulertu nuen ez zirela apropos gaztelaniaz aritzen euskarako andereñoa izorratzeko.

Uste dut irakaskuntzan oso berandu jabetu garela horren garrantziaz. Hizkuntza formalean eta zuzentasunean jarri dugu arreta guztia, eta, hizkuntzaren alde ludikoaz jabetu arren, ez diogu behar adinako garrantzirik eman. Bai, abesti, ipuin edota bertso batzuk erakutsi dizkiegu, baina horiekin gozatzen irakatsi al diegu? Guk erakusten dugun euskarak batez ere irakasgaia bera gainditzeko balio du (eta balio behar du, noski), baina gelatik kanpo gozatzeko bai?

Gaztelaniari gauza bera gertatzen zaio. Baina gaztelaniak badu euskarak ez duen abantaila bat: ingurunea. Telebista pizte hutsak izugarrizko abantaila ematen dio gaztelaniari: nahi duzuna aurki dezakezu, nahi duzun unean. Euskaldunok ez, euskaldunok pare bat katetan pilatu ditugu marrazki bizidunak, telesailak, debateak, albistegiak… Gure ikasleek oso bereganatuak dituzte gaztelaniako esaldi, hitz-joko, abesti… asko. Gehienak La que se avecina telesailetik edo Disney Chanel-etik jasoak. Hizkuntzaren alde ludikoa oso eskura du gaztelaniak. Egoera are nabarmenagoa da Internetera jotzen badugu.

Zer esan nahi du horrek, ez dugula zer eginik? Ez, egoerari arreta jarri eta ahalegin txiki bat egin behar dugula, bakoitzak geure esparruan.

Irakasleok geure jarduna aztertu eta gozamenerako jarduerak ugaritu eta egoki erabiltzen ikasi beharko genuke. Nik proba egin dut gelan. Bertsolaritza, Pernando Amezketarraren marrazki bizidunak eta DBH telesaila, besteak beste, oso gustuko dituzte neska-mutilek… Badakit erabiltzen direla, baina badakigu behar bezala erabili eta tresna eraginkor bihurtzen? Nik neuk aitortzen dut asko dudala ikasteko.
Internet eta telebista orotariko supermerkatu batekin konparatuz gero, garbi da euskarazko produktuek apal gutxiago hartzen dituztela. Baina euskarazko produktuak egon badaude, asko eta onak. Gure seme-alabentzat, supermerkatu handi horretan, errazena apal handienetara eta ikusgarrienetara jotzea da. Baina gurasoek hurbildu ditzakete seme-alabak bestelako apaletara.

Eta gazteok ere horixe egin dezakezue. Eman aukera geureari. Interneten hain ondo moldatzen zaretenez, egin ahalegina geure hizkuntzan sortutakoaren bila. Edo egin osteratxo bat Durangoko azokan, lasai begiratuz eta, batez ere, GOZATUZ…

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide