-Kontatuko al didazu berriz, aita?

-Ezta pentsatu ere! Nekatuta nago, eta oso berandu da.

-Mesedez, aita, mesedez! Beste behin bakarrik.

Ordulariari begira jarri naiz une batez, aurpegian zalantzazko begirada islatuz: eskolako lan baterako da. Idazlan bat eskatu diote semeari eskolan, eta nire gertaera bat idaztea otu zaio. Ongi iruditzen zaidan galdetu dit aldez aurretik, eta nik, jakina, baietz esan diot, gure semetxo maitea da eta. Arrazoi horregatik, azken aste honetan egunero eskatu dit historia kontatzeko. Gainera, badirudi zenbat eta gehiago entzun, orduan eta gehiago gustatzen zaiola.

-Ongi da! Kontatuko dizut berriro; baina gero, lotara.

-Bale! –esan du saltoka, pozaren pozez.

Hortzak garbitu ostean, bere logelara goaz. Armairutik ateratako pijama luzatu diot janzteko. Paretako argi apala piztu dut gero, eta sabaiko argi nagusia amatatu. Bien bitartean, mutikoa ohean sartu da. Ondo tapatu dut, gozo-gozo egoteko moduan, eta ohe ertzean, bere alboan eserita, gertaera kontatzen hasi naiz.             

“Txikitan gertatu zitzaidan orain kontatzera noana, gure amak casting batean apuntatu ninduenean. Mutil askoren artean neu hautatu ninduten, eta pozik nengoen ni. Esaten zidaten guztia gustura egiten nuen, eta azkar ikasi nuen eginkizuna. Egun batean, ordea, zerbait harrigarria gertatu zitzaidan, eta dena aldatu zen niretzat. Ezustean, ikerketa eta teoria askotako aztergai bihurtu nintzen. Geroztik asko hitz egin, idatzi eta teorizatu zen nire kasuaz.

Gaur egun ere eztabaida handiak eta kalapita ugari eragin ditu gertaerak. Adituak, zientzialariak, historialariak, sendagileak eta psikiatrak ez datoz bat. Batzuek, asko kostata izan bada ere, sinetsi egin dute azkenik; baina gehienek fidakaitz jarraitzen dute.

Sinesgogorrek, esaterako, dena gezurra dela diote, zoro batek asmatutako lerdokeria hutsa. Nik ez diet inoiz nire iritzirik ematen, noski. Galdetu didaten bakoitzean, dakidana azaldu besterik ez dut egin. Eta denborak aurrera egin ahala, nik aipatu, azaldu eta kontatutakoa egia zela egiaztatu arren, ez zait inor barkamen eske etorri. Dena dela, ez nago kexatzeko. Neurri handi batean ulertu egiten dut haien jarrera; neuretzat ere misterio galanta da hau guztia.

Gogoratzen naizenaren arabera, txikia nintzela baserri moduko eraikuntza zahar batean bizi ginen. Gogoan dut bazegoela leiho txiki bat, sarrerako ate gainean, nondik eguzkia sartzen zen udan, eta ilunsentian soilik. Oso bitxia zen, egia esan. Barrua gela bakarreko bi solairukoa zen. Gelak borobilak ziren, oso zabalak. Sartu bezain pronto bazegoen pitxarreko sagar-uraren usaina airean, piper idorraren gorria bistara, Gabonetarako atondua bezala. Sutondoa, bai, sartu eta aurrez aurre zegoen, eta eguzkia sartzen zen garaian kolore eta argitasun magiko batez janzten zen. Su inguruan beti txinparta-izpiak zebiltzan dantzan, eta ke-zulo dotore batean gora desagertzen ziren, izpirituak balira bezala. Laratzean lapikoa borborka egoten zen beti. Barruko saltsan, lukainkak zebiltzan igeri eta hirugihar zuriaren gatza usaintzen zen. Ezkerrean, haritzezko mahai luzearen gainean izaten ziren askarian jandako intxaur apurren hautsa, edalontzietan sagar-uraren hondarrak eta ezti-usaina. Aldamenean sumatzen zen oilasko errearen lurrina, adreiluzko labetik atera berria, begi-ahoen atseginerako. Horixe afaltzen genuen. Eta aitortu behar dut, garai gogor haietan gurean asko izanagatik ere, ondo moldatzen ginela beti; goserik ez genuen ezagutu, bederen.”  

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide