Antxintxikalaxek: 'Orbel Jokuetan inoz parte hartu ez duena anima dadila'

Erabiltzailearen aurpegia Maxixatzen Euskaldunon Elkartea 2017ko mar. 3a, 10:23
Antxintxikalaxek: Lourdes Alberdi, Ana Artetxe eta Maipilar LarraƱaga taldekideak.

Joan den urteko azaroan III. Orbel Jokuek antolatu zituen Maxixatzenek. 81 taldek parte hartu zuten lehiaketan, eta azkenean, Antxintxikalaxek izan zen talde irabazlea. Aitzakia hori dela eta, talde irabazlea osatzen duten Lourdes Alberdi, Ana Artetxe eta Maipilar Larrañaga taldekideekin solasean aritu gara. 

 

Hona hemen urtarrileko Maxixatzen aldizkarian argitaratutako elkarrizketa: 

Aurten bigarrengoz iritsi zarete Orbel Jokuen finalera. Zenbat aldiz parte hartu duzue?

M.L.: Aurtengoa hirugarren aldia izan da. Ostiraletan lagunak Errexil tabernan elkartzen gara tertulian aritzera. Han geunden batean, lehiaketako paperak ikusi genituen, eta “zergatik ez?” galdetu genion geure buruari. Taldea osatu, eta horrelaxe hasi ginen.

L.A.: Beste batzuk ere animatu izan ditugu parte hartzera, baina oraindik ez dira animatu.

M.L.: Lehenengoan parte hartu genuenean ez genuen uste ezer egingo genuenik, eta, bueno, ez ginen horren gaizki ibili. Bigarrenean ere animatu egin ginen eta finalera iritsi ginen, eta aurten, berriz, iritsi eta irabazi! Kailuak eginak ditugu, eta bidaltzen gaituzuen arte parte hartzen jarraitzeko asmoa dugu.

 

Zer azpimarratuko zenukete lehiaketatik?

A.A.: Gauza asko gogorarazteko eta ikasteko baliagarria da. Gu Interneten ez gara oso abilak, baina…

M.L.: Horretan ere ikasi dugu, eta moldatzen gara. Internet erabiltzen ikasten ari gara.

 

Non bilatzen dituzue erantzunak?

A.A.: Interneten, liburutegian, Maxixatzenen ale zaharretan… Galdera batzuk aurretik gutxi gorabehera jakin arren, liburutegian begiratzeko ohitura dugu. Aurten, galdera batzuekin ordu batzuk pasatu ditugu bertan.

M.L.: Bai, bigarren asteko galderekin hiru aldiz joan ginen, eta batean behintzat pare bat ordu pasatu genituen erantzunen bila. Egoskor jarri ginen, han egon behar zutela, eta han ibili ginen aurkitu arte.

L.A.: Kalean ere galdezka ibiltzen gara lagun eta ezagunei. Gutxi gorabehera nork jakingo duen pentsatu, eta haiei galdezka ibili izan gara.

M.L.: Pegoteren ezizenarekin bati eta besteari galdezka ibili ginen. Ondorengo egunetan kalean ere galdetzen ziguten: “Jakin al duzue zein den erantzuna?”. Jendeak ondoren ere galdetu izan digu.

L.A.: Esaera zaharretako bat Arantzazuko takoan agertu zen, galdera egin zen egun horien inguruan. Txorrote gaitzizenarekin ere txikitako pasadizo bat dela-eta akordatu ginen. Txorroteneko Urrategirekin batera eskolan ibili nintzen ni, eta hark han kontatu izan zuen nondik zetorren gaitzizena. Horrekin gogoratu nintzen galdera irakurri eta etxera bueltan nindoala.

A.A.: Urteetako esperientziak balio izan digu galdera batzuen erantzunak asmatzeko edo nori galdetu edo non begiratu jakiteko.

L.A.: Gurutzegramak egitea ere oso baliagarria da, finaleko hitza pasarako batik bat. Hango zenbait galderaren erantzunak gurutzegrametan agertzen dira; nik, behintzat, handik ezagutzen ditut.

 

Zer dira zuentzat Orbel Jokuek?

A.A.: Jolas bat, entretenimendu polit bat.

M.L.: Bitartean, gainera, aitzakia horrekin astean zehar ere kafea hartzeko geratzen gara, erantzunak gure artean kontrastatzeko eta osatzeko.

L.A.: Gure artean eztabaidatzeko ere balio digu. Aurten ere amamarekin bueltaka ibili ginen.

 

Zer esango zeniokete inoiz parte hartu ez duen bati?

L.A.: Animatzeko, ez dela zaila. Gauzak gogorarazteko eta ikasteko oso baliagarria dela eta ondo pasatzen dela. Gainera, sari ederrak daude; guk aurten ehuna euro irabazi ditugu herriko dendetan gastatzeko, eta Argia edo Berriarako urtebeteko harpidetza.

 

Zer proposatuko zenukete aurrera begira?

A.A.: Segitzeko.

L.A.: Guk jarraituko dugu parte hartzen eta ingurukoak ere animatzen. Ez dezatela beldurrik izan finalarekin; jolas bat da, eta oso ederki pasatzen da.

 

Hiru urte hauetan zein izan da galderarik zailena? Eta errazena?

L.A.: Zailenetakoa, baserriena.

A.A.: Bai, lanik handiena eman diguna Martiteko baserrien izenak asmatzea izan zen.

M.L.: Errazena, berriz, aurtengo bertsolariena. Interneten begira hasi ginen, eta bertso guztiak bertan daude. Zabalaren bertso guztiak Interneten jasota daude. Errazena hori egin genuen.

 

Orbel Jokuek, hitz batean?

L.A.: Aurrerantzean ere egin beharreko zerbait.

M.L.: Entretenimendua.

A.A.: Herriko gauzak ikasteko, gauzekin jabetzeko modu bat.

 

Orbel Jokuetatik aparte, zer lotura duzue Maxixatzenekin?

L.A.: Hirurok harpidedunak gara, eta hilero irakurtzen dugu aldizkaria. Gurean iloba ez da harpide, baina gure etxera etortzen denean hark ere irakurtzen du.

M.L.: Ni ia egunero sartzen naiz Interneten; ondo dago herriko albiste eta kontuak jakiteko. Toki Alaiko etxea han ikusi nuen ia guztia botata.

L.A.: Gazteak-eta ez ditugu ezagutzen, baina, galdetuta, horiek ezagutzeko ere balio du. Hori guztia egitea lan handia izango da, baina oso baliagarria da herriaren berri jasotzeko.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide