Hizkuntza ohituren aldaketarako erronkak, ezinak eta aukerak

Erabiltzailearen aurpegia Maxixatzen Euskaldunon Elkartea 2016ko abe. 13a, 10:16
Ainhoa Lasa. / Emun.

Datorren abenduaren 15ean Non jarri behar dugu arreta euskaraz gehiago egin ahal izateko? hitzaldia emango du Emunek, Azkoitiko Euskara mahaiarekin elkarlanean. Ainhoa Lasak gidatuko du saioa eta, aurretik, hitzaldiaren inguruan hainbat galdera egin dizkiogu:

 

  • Zertaz izango da hitzaldia?

Hizkuntza ohituren aldaketa pertsonal eta kolektiboen aurrean dauzkagun erronka, ezin eta aukeren inguruan hitz egiteko saio bat izango da nagusiki. Hitzaldia baino gehiago elkarrizketa bat izatea espero dut. Portaera aldaketan aztertzen urteak daramatzagu EMUNen eta aldaketa prozesua nola ulertzen dugun azaldu eta horren gaineko elkarrizketa bat izatea da nire asmoa.

 

  • Zein egoeratan erabiltzen da euskara gehiago?

Egoera baino pertsona batzuk aipatuko nituzke. Batzuk erraztasun gehiago edo gutxiago eduki dezakegu egoera batzuen aurrean hizkuntzari eusteko. Batzuentzat egoera zaila dena bestearentzat erraza izango da. Seguraski bidean egindako entrenamenduaren baitakoa izango da eta momentuko taldea, lekuan lekuko klima soziala… gauza askok eragiten dute erabileran.

  • Zer egin dezakegu hiztunok euskaraz egiteko aukera gehiago izateko?

Uste dut batzuk bultza egin behar dugula lekua egin diezaguten, esan lekua egitea nahi dugula, lekua eskatu, eskatzen dugunean erabili eta besteek ere ikasi egin beharko dute leku horietan ere eroso egoten. Uste dut trukoa erosotasunean dagoela. Denok  ikasi behar dugu: ulertzen duenak, ulertzen ez duenak, zerbait esateko gai denak… denok. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide