Joanes Balenciaga: “Satisfazio pertsonal ikaragarria sentitu nuen, eta zertarako gai naizen ikusteko balio izan dit”

Erabiltzailearen aurpegia Laida Beristain 2017ko mai. 10a, 10:27

Joanes Balenciaga 20 urteko Eibarko Armeria Eskolako ikasleak hirugarren postua lortu zuen joan den martxoan Madrilen jokatu zen SpainSkills lehiaketako kontrol industrialaren arloan. Bidean lan handia izan arren, gustura geratu zen lehiaketan egindako lanarekin.

 

Zer ari zara ikasten eta non?

Eibarko Armeria Eskolan. Goi Mailako Automatizazio eta Robotika Industrialeko bigarren mailan nago, eta orain praktikak egiten ari naiz Zestoako Macarbox enpresan.

Nola suertatu zitzaizun Madrilen jokatu zen Spainskills lehiaketan parte hartzeko aukera?

Spainskillis lehiaketa hainbat arlotan banatuta dago, besteak beste: automozioa, estetika, arotzeria, sukaldaritza eta abar. Eta ni lehenik mekatronikaren arloan aurkeztu nintzen lehiaketara. Euskoskills lehiaketan, ordea, bigarren geratu nintzenez, ez nuen Spainskillsera iristea lortu. Horren ondoren, kontrol industrialaren arloan lehiatzeko aukera izan nuen, eta Madrilen jokatutako Spainskills lehiaketan Euskadiko ordezkari izatea lortu nuen.

Kontrol industrialeko lehiaketan zer egin behar izan zenuten?

Hiru egun genituen txapelketako bost probak betetzeko. Lehenengo eguneko eginkizuna automata programagarri bat programatzea zen. Bigarren egunean, berriz, bi proba genituen: ukipen pantaila bat diseinatu eta programatzea, eta motor baten abiadura erregulagailua programatzea. Azken egunean ere beste bi betebehar izan genituen: alde batetik, egindako proba guztiak elkartu eta abian jartzea eta, bestetik, zirkuitu elektriko bateko matxura identifikatzea.

Hiru egunean egindako lanen puntuazioak batuz erabaki ziren lehiaketako arlo guztietako irabazleak.

Zer moduz sentitu zinen lehiaketan?

Oro har, lehenengo bi egunetan nahiko lasai. Hirugarren egunean, ordea, podiumean sartzeko aukera neukala ikusita, pixka bat urduri ere banengoen, baina, egin beharrekoak azaldu zizkigutenean eta ondo egiteko gai nintzela ikusitakoan, urduritasunak alde batera utzi, eta bete-betean sartu nintzen nire eginkizunetan.

Zer-nolako maila ikusi zenuen zure aurkarien artean?

Argi eta garbi, bi eskualdetakoak nabarmendu ziren: andaluziarrak eta kantabriarrak. Lehenengo egunean oso ondo aritu nintzenez, maila onean ikusten nuen neure burua.

Gustura geratu al zinen lortutako emaitzarekin?

Bai, oso gustura. Hirugarren sailkatzea lortu nuen, eta ez nuen inondik inora horrelakorik espero.

Zertarako balio izan dizu lehiaketa horretan parte hartzeak?

Lehenik eta behin, ezin ukatu satisfazio pertsonal ikaragarria sentitu nuela, eta zertarako gai naizen ikusteko ere balio izan dit. Eta zer esanik ez Armeria Eskolarentzat izan duen garrantzia. Bestalde, profesionalki lagungarria izan litekeela uste dut.

Nola ikusten duzu zeure burua etorkizunean?

Orain arte automatizazioaren eta robotikaren munduaz ikasi eta ezagutu dudana oso gustuko dut, eta etorkizunean bide horretatik jarraitzea gustatuko litzaidake.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide