Josu Aranbarri: 'Ezagutu dudan herrialde desberdinena eta aldi berean interesgarriena Iran izan da'

Erabiltzailearen aurpegia Laida Beristain 2017ko mar. 10a, 13:20
Josu Aranbarri, Londresen bizi den azkoitiarra.

Josu Aranbarri Artetxe 32 urteko azkoitiarra Londresen bizi da 2015eko uztailetik. Dena dela, beste hainbat herrialdetan bizitzeko aukera ere izan du aurretik, eta horrek guztiak profesionalki zein pertsonalki garatzeko balio izan diola kontatu du.

 

Zein izan zen Londresera bizitzera joateko arrazoia?

Lan eskaintza bat jaso nuen, eta hara mugitzea erabaki genuen nire emazte Naiarak eta biok.

 

Lan kontuengatik joan zara, orduan. Zertan lan egiten duzu?

Finantza munduan lan egiten dut, enpresen fusioaren eta erosketen sailean. Europako industria arloko enpresa nagusiak aholkatzen ditugu.

 

Gustura al zaude?

Bai, benetan esperientzia oso aberasgarria izaten ari da. Gauza oso interesgarriak egiten ditut, eta asko ikasteko balio dit.

Zer gustatzen zaizun gehiena Londresetik?

Hiriak eskaintzen dituen aukera kultural eta profesionalak. Bazter guztietako jendea bizi da Londresen, eta barietate horrek beti zerbait berria ikasteko eta ikusteko aukera ematen du. Gutxiena, berriz, hiriak berak duen nolabaiteko estres hori: jendea normalean presaka ibiltzen da alde batetik bestera.

 

Zer egitea gustatzen zaizu Londresen zure denbora librean?

Lagunekin pinta batzuk hartzea eta Regents Parken paseatzea.

Ez da hau, ordea, kanpoan bizi zaren lehen aldia. Non bizi izan zara urte hauetan?

Lehen esperientzia Frantzian izan nuen, Mondragon Unibertsitateak ingeniaritza industrialeko azken bi urteak Nantesen ikasteko aukera eman baitzidan. Ondoren, Urola bailarako enpresa baten eskutik, Iranen beste urte eta erdi egin nuen. Lan esperientzia horren ostean, master bat ikastera joan nintzen Bartzelonara, eta hiruhileko bat New Yorken egin nuen. Masterra bukatzean, Londresera etorri ginen Naiara eta biok.

 

Bizi izan zaren herrialdeetatik zein gustatu zaizu gehiena?

Orain arte ezagutu dudan herrialde desberdinena eta aldi berean interesgarriena Iran izan da, duen historia eta kulturagatik; benetan gomendatuko nuke hara bisitan joatea. Bizitzeko, berriz, Londresekin gelditzen naiz, aurrez aipatu ditudan aukerengatik, alde batetik, eta etxera tartean behin bueltatzeko edo bertan bisitak jasotzeko ez dagoelako hain urruti, bestetik.

 

Urte asko daramatzazu kanpoan. Badaukazu Azkoitira edo Euskal Herrira itzultzeko asmorik?

Badugu itzultzeko asmoa, baina noiz erantzutea ez da erraza. Nire emaztea oñatiarra da, eta lehenago edo beranduago itzuliko gara Euskal Herrira.

 

Zeren falta antzematen duzu batez ere?

Gehienbat familia eta lagunak botatzen ditut faltan. Hala ere, gaur egungo teknologiei esker gero eta errazagoa da inguruko jendearekin harremanetan egotea. Bestalde, Euskal Herriko jana ere faltan botatzen dut; batik bat, asteburu eguerdian kalera irten eta ardotxo batekin pare bat kroketa jatea. Baina, esan beharra dago, nahiz eta hemengo janak fama onik ez izan, aukera gastronomiko zabalak daude, eta munduko bazter guztietako jatetxeak aurki daitezke hemen. Guri asko gustatzen zaigu janari desberdinak probatzea, eta Londresek asko laguntzen du herrialde ezberdinetako jana ezagutzen.

Zertan lagundu dizu denbora luzez kanpoan bizitzeak?

Hainbat kultura eta arlotako jende asko ezagutzeko aukera ematen du, eta dibertsitate horrek pertsonalki eta profesionalki garatzen laguntzen du. Bestalde, Euskal Herrian daukaguna gehiago baloratzeko ere balio izan dit.

 

Gomendatuko zenuke zu bezala kanpora atera eta esperientzia berriak bizitzea?

Guztiz gomendagarria da, aurretik aipatu ditudan arrazoi guztiengatik.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide