Amaia Arakistain: "Nire lana nolabait euskara eta euskal kultura saltzea da"

Erabiltzailearen aurpegia Laida Beristain 2017ko ots. 10a, 06:43
Amaia Arakistain.

Amaia Arakistain 23 urteko azkoitiarrak Itzulpengintza ikasketak egin zituen, eta gaur egun Irlandako Cork hiriko unibertsitateko irakurlea da. Besteak beste, euskara eta euskal kultura irakasten dizkie hango ikasleei.

 

Nondik izan zenuen lan eskaintza horren berri?

Iazko neguan, atzerrian euskara irakurle izateko ikastaroa egin nuen Etxepare Institutuan, eta, gero, ekainean lau unibertsitatetarako deialdia ireki zela ikusi nuen, eta Corkerako aurkeztu nintzen ni.

Zer lan egiten duzu unibertsitatean?

Euskara klaseak eta euskal kulturi buruzkoak ematen ditut, eta, horrez gain, bestelako ekitaldiak ere antolatzen ditugu noizean behin sailean. Azaroaren 30ean, esaterako, euskararen eguna ospatu genuen euskal erbestea gaitzat hartuta, eta bi gonbidatu izan genituen. Azken finean, nire lana nolabait euskara eta euskal kultura saltzea da.

Irlandar ikasle asko al daude euskara eta euskal kulturarekin interesaturik? Zenbat ikasle dituzu?

Hamabost ikasle ditut guztira, hiru klasetan banatuta. Egia esan, asko da horrelako hiri txiki baterako.

Zerk bultzatzen ditu ikasleak euskara eta euskal kultura ikastera?

Nire ikasle gehienak Espainiar Filologiako ikasketak egiten ari dira, eta estatuko beste hizkuntzak ikasteko aukera ematen zaie, eta gehienek kredituak osatzearren aukeratzen dute euskara, besterik gabe. Ziur asko, horiek ez dute askorik ikasiko, baina behintzat badakite Euskal Herria existitzen dela eta hizkuntza eta kultura propioa ditugula, eta ez da gutxi. Dena dela, badaude motibazio bereziak dituzten ikasleak ere; adibidez, mutil-lagun euskalduna duen ikasle bat daukat, eta Euskal Herriarekin politikoki estu lotuta dagoen gizon bat, bai eta Erasmus programarekin Bilbora joan nahi duen bat edo beste ere.

Euskara ikastea zaila dela diote batzuek. Zer diote zure ikasleek?

Ez dut inor entzun zaila dela esaten. Badakite desberdina dela eta ez duela dakizkiten hizkuntzen antzik, baina exotikotasun hori, era berean, galizieraren eta katalanaren artean euskara aukeratzeko arrazoia izan da askorentzat. Azken finean, nahiko logikoa da, eta, pixkanaka-pixkanaka joanez gero, erraz ikasten dute.

Euskal kulturaren gainean zer iritzi dute?

Egia esan, oro har ez dakite asko Euskal Herriaz. Iaz Euskal Herrian izandako bi ikasle ditut; bat Donostian izan zen, eta bestea, Bilbon. Oso gustura egon zirela esan didate, eta asko gustatu zitzaiela, Bilbo bereziki; parranda askoz hobea omen da han [barrez].

 Irlandako kulturaren antzik ba al du euskal kulturak?

Esango nuke Irlanda Atlantikoan kokatutako irla bat izanagatik ere nahiko erritmo karibetarra dutela: oso jende lasaia da, eta gu baino irekiagoak dira.

Bestalde, Euskal Herriarekin alderatuta, eguna oso laburra da hemen. Ez lehenago iluntzen duelako bakarrik; lanaldia seietan amaitzen da. Seietatik aurrera dena itxita dago: dendak, kafetegiak, liburutegiak... Pubak bakarrik geratzen dira irekita, eta horrek eguna askoz laburragoa delako sentsazioa ematen du.

Zer moduzko esperientzia ari da izaten?

Esperientzia oso positiboa. Hasieran nahiko galduta ibili nintzen; dena zen berria niretzat, eta, gainera, nire lehen esperientzia da irakasle bezala, baina lankideek asko lagundu didate. Zorte handia izan dut haiekin!

Zer egiten duzu denbora librean?

Corken beti dago zerbait egiteko. Irlandako Errepublikako bigarren hiri handiena da Dublinen atzetik, baina Donostia baino txikiagoa da. Hala ere, kultura aldetik oso hiri aberatsa da; azken finean, Irlanda hegoaldeko hiriburua da. Hemen egon naizen lau hilabeteetan Corkeko zine eta jazz festibalak ezagutu ditut. Gainera, zine festibalean euskal pelikula bat zegoen ikusgai. Bestalde, gauero zuzeneko musika egoten da hainbat pubetan; musika oso garrantzitsua da hemen. Aukera izan dudanean, bidaiatzeko eta Irlandako beste leku batzuk bisitatzeko ere aprobetxatu dut.

Noiz arte geratzeko asmoa duzu?

Printzipioz ikasturte baterako kontratua daukat, baina, dena ondo joanez gero, beste bi urte luzatzeko aukera ere badago.

Beste herrialderen batean bizi izan zara aurretik?

Hainbat herrialde bisitatu ditut oporretan, baina bizitzen Alemanian bakarrik egon naiz, Berlinen, Erasmus programarekin.

Zein da bisitatu dituzun herrialdeetatik zure gogokoena?

Berlin, oso hiri berezia da.

Irlandakoa amaitu ostean beste herrialde batera bizitzera joateko aukera izanez gero, joango zinateke?

Printzipioz orain daukadan aukera aprobetxatu nahi dut, eta ez dut etorkizunerako planik egin nahi.

Gomendatuko zenuke esperientzia hau?

Dudarik gabe, asko ikasten ari naiz, eta esperientzia oso aberasgarria izaten ari da.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide