Iñaki Iraeta: "Bidea gogorra izan da, baina, gaur egun, benetan gustura nago nire lanean"

Erabiltzailearen aurpegia Laida Beristain 2016ko api. 21a, 10:00
Iñaki Iraeta Garmendia, Bartzelonan bizi den azkoitiarra.

Iñaki Iraeta azkoitiarrak dagoeneko 25 urte daramatza Azkoititik kanpo, baina bai haren bai familiakoen nahia egunen batean Euskal Herrira itzultzea da. Gaur egun Bartzelonan bizi da, eta Inditexen Massimo Dutti marka ezagunarentzat lan egiten du han.

 

Duela zenbat urtetatik bizi zara Azkoititik kanpo?
Orain dela 25 urte alde egin nuen Azkoititik, eta Italiara joan nintzen bizitzera, Milanera. Orduan 24 urte nituen, eta hara joateko arrazoia nire neska-laguna izan zen: zumaiarra zen, baina, moda ikasketak amaitu ondoren, Milanen hasi zen lanean.

Hasieratik garbi al zenuen zer ikasi nahi zenuen? Zerk bultzatu zintuen moda ikastera?

Ez, inola ere ez. Orduan inoiz ez nukeen imajinatuko neure burua modaren munduan. Esan bezala, Lupe, nire neska-laguna –eta gero emaztea–, Milanen zegoen, eta elkarrekin egon nahi genuen. Hura moda diseinuan zebilen, eta nik ere moda mundura sartzea erabaki nuen; moda ikasketa teknikoak egin nituen, jantzigintza industrialaren arlokoak hain zuzen ere. Inoiz ez naiz damutu hartu nuen erabakiarekin; bidea gogorra izan da, baina, gaur egun, benetan gustura nago nire lanean.

Garai hartan ez zen oso ohikoa izango moda ikasketak egitea, ezta?
Ez zen oso ohikoa, ez. Bazegoen “diseinu mugimendu” moduko bat, baina ni ez nengoen hor. Nire ingurukoek ere oso urrun ikusten zuten moda, eta oraindik urrunago lanbide moduan. Halere, nire andregaiaren ondoan segitzekotan, erabakia hartu beharra neukan. Bion guraso eta ingurukoen babesa izan dugu beti.

Non egin zenituen moda ikasketak?
Milanen, Istituto Secoli eskolan. Han bizi nintzenez, ikasketak bertan egitea erabaki nuen, eta eskolarik onena aukeratu nuen nahi nituen ikasketak egiteko. Ikasi eta praktikak egiten nituen aldi berean.
Espainian bazeuden moda eskolak, Madrilen eta Bartzelonan, baina ez teknikoki prestatzeko; eta, gainera, nik Milanen egon nahi nuen.

Behin ikasketak amaituta, zer bide hartu zenuen?
Ikasketak egin bitartean, hango enpresa batzuetan praktikak egitea lortu nuen, eta horrela, eskola bukatu nuenean, lanean jarraitu nuen. Han gelditzeko aukera ere bagenuen, baina Espainiara itzultzea erabaki genuen, orduan hasi berriak baitziren moda markak.

Zein markarentzat lan egin duzu?
Italian nengoela, André izena zuen enpresa batean lan egin nuen; enpresa horretan, Italiko marka ospetsuenetarako produkzioak egiten ziren; hau da, Max Mara, Armani, Krizia eta halako marketarakoak. Gero, Galizian, Antonio Pernasentzat lan egin nuen patroigile moduan. Kalitate handiko marka zen, eta benetan esperientzia ona izan zen.

Azkenik, Bartzelonara etorri ginen bizitzera, eta gaur egun oraindik bertan bizi gara. Bartzelonan, Inditexen Massimo Dutti markarentzat hasi nintzen lanean, eta oraindik bertan jarraitzen dut. Hemezortzi urte dagoenekoz.

Zer betebehar dituzu lanpostuan?
Massimo Dutti markaren zuzendari teknikoa naiz; hau da, hemen edo atzerrian gurekin lan egiten duten jantzigintza enpresa guztiak kontrolatzen ditut, eta berriak direnak homologatu, gure produktuaren kalitatea lortzeko. Egunean zehar, dena kontrolpean edukitzen saiatzen naiz: produkzio arazoak, modelo berrien arazo teknikoak, fitting-ak edo laginen probaketak... Bidaia asko egiten ditut, ia astero. Esan daiteke hegazkinean ordu asko pasatzen ditudala.

Lanean gertatu al zaizu anekdota bitxirik?
Sarritan, atzerrian, bazkari “eleganteak” prestatzen dizkidate, harrera moduan. Baina batzuetan nahiko lan izaten dut ondo gelditzen, zeren askotan zer jaten ari naizen ere ez baitut igartzen –eta batzuetan nahiago nuke jakin ere ez egitea–.

Sarri etortzen al zarete Azkoitira edo Euskal Herrira?
Gabonetan eta udaran beti etortzen gara, eta aste bukaera luze batzuetan ere bai, ahal dugun guztietan.

Inoiz pentsatu al duzue Euskal Herrira bizitzera itzultzea?
Bai, askotan. Gure ilusioa Euskal Herrian bizitzea da, baina aurrerago izan beharko du, lana hemen baitaukagu. Baina, benetan, etxera bueltatzeko irrikan gaude.

Etxean euskaraz edo katalanez hitz egiten duzue?
Etxean, geure artean euskaraz egiten dugu. Baina guk lanean katalanez egiten dugu, eta gure bi semeek ere bai eskolan eta lagunartean.

Zer sentitzen zara, katalana ala euskalduna?
Euskalduna, noski. Semeak ere, Bartzelonan jaiotakoak izan arren, euskaldunak sentitzen dira. Beti daude Euskal Herrira joateko prest.

Zeren falta sumatzen duzu gehien Euskal Herritik edo Azkoititik?
Familia –familia guztia Azkoitian eta Zumaian dugu–, janaria, kaleko giroa, lagunak, festak... Gauza asko.

Zer gomendatuko zenioke moda ikastea pentsatzen ari den norbaiti?
Ahal badu kanpora joatea eta esperientzia bizitzea. Moda munduan ez dago diseinua bakarrik, beste gai edo lanbide asko daude barruan: marketina, sare sozialen ikasketak, patroigintza industriala, jantzigintza industrialaren denbora eta metodoak, kalitate kontrola, ehungintzako ingeniaritza... Eta garrantzitsuena modarekiko pasioa edukitzea da, oso mundu gogorra baita.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide