Azkoitiko baserri kontu zaharrak

Erabiltzailearen aurpegia Kepa Alberdi 2017ko mar. 16a, 11:00

Azkoitiko Urrategi auzoko Koategi baserrian sutea piztu zen joan den urriaren 11n, eta sugarrek erabat kiskali zuten etxea. Paper zaharretan, Azkoitiko lurretan sutea izandako berrogeita hamar baserritik gora azaltzen dira, eta bi aldiz erretakoak ere badira: Pikoaga baserria 1790 eta 1807an, eta Artetxe baserria 1707 eta 1821ean, hain zuzen ere. Baserrietan sortutako suteak direla eta, zoritxarreko gertaera latz bat baino gehiago ezagutu izan da gure herrian.

 

Horietako bat 1849ko urriaren 5eko goizaldean gertatu zen, Abendaño baserriak su hartzean, bost lagun barruan zeudela kiskali baitzen. Beste hainbeste gertatu zen Errekatxoko baserriarekin 1861eko abenduaren 22an, orduan ere bost lagun barruan hil baitziren baserria erretzean. Horrelako egoerei aurre egiteko, eta aurretik udalari baimena eskatu ondoren, ohikoa izan da erretako baserriko biztanleak herrian diru eske ibiltzea. Bestalde, sutearen ondorioz dena galdu ondoren, herriko erruki etxeak gari anegak eta bestelako laguntzak ere eman izan zizkion baserritarren bati edo besteri, haien egoera larria ikusi eta gero.

Sua izan da betidanik baserriaren etsairik handienetarikoa, eta, kezka horri erantzun nahian, 1554. urteaz geroztik, Azkoitiko baserritarrek anaiarte edo elkarte bat antolatu zuten suteek egindako kalteei aurre egiteko. Batez beste, 150 baserritik gora ziren elkarte hartako partaideak, eta maila ezberdinetan sailkatu ziren, bakoitzari emandako balorazioa kontuan harturik. Lehen mailakoak 200 dukatean baloratzen ziren, eta hamar erreal ordaintzen zuten bazkideen ordainsari moduan; hurrengoak, berriz, beste 4 maila apalagotan sailkatzen ziren. Elkarteko kideren bati baserria errez gero, gainontzekoen artean biltzen zuten erretako baserri horren balioa, eta alkatearen esku uzten zen diru hori banatzea. Baina baserritarrak, diru hori jasotzeko, urte baten barruan eraiki behar zuen berriro ere erretako baserria nahitaez, teilatuari lehentasuna emanez, bestela dirua itzultzera behartuta baitzegoen. Diru hori baserriaren jabeari entregatzen zitzaion betiere, eta ez baserri horretako bizilagunei.

Izan ere, duela hamarkada batzuk arte, jauntxoak ziren herriko ia baserri guztien jabeak. Esate baterako, XIX. mendearen erdialdera oso gutxi ziren baserrian bizi eta haren jabetza zuten baserritarrak. Gainerako baserriak beste 48 lagunen jabetzan zeuden. Antonio Zabalak, adibidez, 29 etxebizitza zituen; Esteban Hurtadoren oinordekoak, 18; eta Narrosko markesak, 13. Errentero haiek, gainera, kaleko zenbait etxe ere beraienak zituzten. Jauntxo haiek beren baserrietako bizilagun gisa maizterrak zituzten, eta nekazaritza eta abeltzaintza lanak haien esku geratzen ziren. Horrela, baserritarra maizterra zen, eta baserriaren errenta, dirutan ordaintzetik aparte, gari anegekin osatzen zuen. Garia, desagertu aurretik, oso preziatua zen, eta errenta osatzeko oso estimu handia zuen baserri jabeen artean, gari irina merkatuan oso erraz aldatzen baitzen diruaren truke. Diruaz eta gariaz aparte, kariziak izeneko nahitaezko emariak zeuden: ahariak, kapoiak, sagarrak eta gazta, besteak beste. Hori nahiko sakrifizio ez baserriko maizterrentzat, eta, horrez gain, Elizak ezarritako zergei aurre egin behar izaten zieten. Antza denez, duela mende batzuk klase sozialik ugariena nekazariena zen, baina, errentarien mehatxu eta gehiegikerien mende, baserritar familia gehienak oso baldintza gogorretan bizi ziren.

Herri guztietan zeuden ospe handiko jauntxoak, eta ohikoa zen herri horietako zenbait baserriren jabetza haiek izatea. Denbora luzean, Gipuzkoako familiarik indartsuena Azkoitiko Idiakez etxekoa izan zen: XVI. mendearen amaieratik eta XVIII. mendearen erdialdera bitartean, berrogeita hamar baserri ingururen jabe izatera heldu zen Azkoitian, Azpeitian, Beasainen, Elgoibarren, Deban eta Mutrikun. Urrutira joan gabe, gure herrian hain ezaguna den Xabier Maria Munibe Idiakez, Peñafloridako kondea bera, hainbat baserriz osatutako ondasun izugarriaren jabe egin zen. Era berean, herriko udalak berak ere baserri batzuk altxatu zituen, ondoren errentan jartzeko. Horrela, XVII. mendean agertu ziren herriak errentan jarritako Errazu, Artetxe eta Ubola baserriak.

Denboran aurrera eginda, XX. mendearen hasieran 300 baserri inguru kontatzen ziren Azkoitian, eta haietan gutxi gorabehera 2.400 bizilagun bizi ziren. Hona hemen Azkoitiko Udalak 1902ko uztailaren 24an argitaratu zuen datu esanguratsua, baserriak artean zuen garrantziaren adierazgarri:

En este término municipal existen 292 fincas rústicas y 192 urbanas. Los propietarios que cultivan por sí mismas sus fincas rústicas, son 83, y las restantes en su mayoría son propiedades de personas que son forasteras, resultando por lo tanto 210 colonos o arrendatarios”.

Baina denborarekin industrializazioa etorri zen, eta gure herrian ere eragin handia izan zuen. Izan ere, baserrietako maizterrek, baserriak utzi eta hirirako bidea hartzeko mehatxuekin, min handia egin zieten baserrien jabe ziren ugazabei. Orduan erabaki bat hartu behar izan zuten ugazabek: edo baserrietan errentan zeuden familien bizi baldintzak hobetuz errentari lehengo horretan eutsi, edo baserriak oso prezio merkean saldu. Hori egin ezean, baserri asko hutsik eta etekin biderik gabe geratzeko arrisku handia zegoen. Horrela etorri zen baserrien jabeak ziren jauntxoen klase pribilegiatuaren gainbehera. Jakina denez, hainbeste belaunalditan errenta lotsagarrien onurak jaso zituzten ugazabek boterea galdu zuten neurri handi batean, eta haien baserrietako maizterrek ordura arte nekez eta miseriaz aurrera ateratako baserriak modu onean erosteko aukera izan zuten. Harrezkero maizter moduan gaur egun arte iraun duen baserritarrik ere bada, baina, haien errenta eta jabearen baldintzak kontuan hartuz, pentsa daiteke egun baserri horien jabegoa bertako bizilagunena dela.

Edonola ere, baserriaren jabetza zuten familietan ere bazen halako usadio bat, non baserriko seme zaharrena edo maiorazkoa ezkontzen zenean hari pasatzen zitzaion baserriaren kargua eta jabetza. Horrela, ohikoa zen gurasoak zahartutakoan maiorazkoaren kargu egotea haien zaintza, maiorazkoa ez baitzen baserritik kanpora lanera ateratzen. Bat-batean ezin esan oso tradizio zuzena edo bidezkoa zenik, beste seme-alabak ondarerik gabe geratzen baitziren. Nolanahi ere, baserria eta lursailak ustiatzen jarraitzeko seme bakarra aukeratzeak bazuen bere arrazoia baserriaren jabe zirenentzat: horrela, oinordekotza familiako kide bakarrari pasatzean, baserriaren bideragarritasun ekonomikoa ziurtatzen zuten. Modu horretan, saihestu egiten zen herentzia partitzeagatik baserriaren barruan banakako interesek ekar zezakeen ezegonkortasuna.

Hori horrela izanik ere, eta Gipuzkoa Gaztelako Erresumako legeen menpe egonik mendeetan, erresuma hartako legeek ez zuten onartzen lurralde horien oinordekotzari buruzko usadioa. Aitzitik, hango Errege Foruaren arabera, derrigorrezkoa zen seme-alaba guztiek zegokien herentzia zatia jasotzea gurasoen ondasunetik, eta 1348. urtetik aurrera nahitaezkoa zen etxeko begipekoenak ere gehienez guztiaren laurdena jasotzea.

Harrezkero, herentziaren zatiketak baserriaren hondamena ekarriko zuela argudiatuz, hemengo agintariak saiatu ziren Gaztelakoek hemen bertako ohitura onar zezaten. Ez zen erantzunik izan, eta, orduan, hemengo ohitura zokoratu gabe eta Gaztelako legea bere batean errespetatuz, jarraibide bat aurkitu zuten: oinordeko izendatutakoa ezkontzen zen egun berean, idatzizko tratu baten bidez, baserria hari eta haren emazteari entregatzea. Baina kontratu horrek halako baldintza eta betebehar batzuk ere bazituen ezkonberrientzat; gurasoekin batera lan egin behar zuten, eta lan horietatik jasotako ondasunaren erdia hobari bezala entregatu behar zieten. Eta ez hori bakarrik: gurasoei hileta duina egiteko konpromisoa ere hartzen zuten. Era berean, gainontzeko senideei kutxa bat, ohe bat, jantzi berriak eta diru pixka bat emateko ohiturak indarra hartu zuen XVI. mendearen amaieratik XIX. mendera arte.

Elosuan izan da gai horri lotutako beste ohitura bat: hain zuzen ere, baserriko anaiak ezkontzean maiorazkoak haien dotea ordaintzea, kartapagoa izeneko orri bat sinatzearekin batera. Duela 115 urte 750 erreal ordaintzen ziren dote bezala, baina, ofizio bat emanez gero, dote horren zenbatekoa murriztu egiten zen.

Ildo beretik jarraituz, baserriko gurasoek maiz luzatu edo atzeratzen zuten baserria oinordean ematea, autoritatea galtzeko beldurrez. Hori horrela, eta haien aldetik seme-alaben ezkontza atzeratzeko ahalegina zela eta, baziren ezkondu aurretik umeak izandako maiorazkoak eta ezkongaiak. Bestalde, ezkontza burutu eta ezkonberriak etxeratzen zirenean, amak, bere onetsia azalduz eta zeremonia handiz, jana banatzeko zurezko koilara handi bat ematen zion errainari, baserriko agintea eskuz aldatu zelako keinu gisa.

Baserria eta baserritarra gure herriko hezur muina izan dira denbora luzean. Baserria bera, bizitokia izatetik aparte, lantokia ere bazen bertan bizi zirenentzat. Orain ere, baserrikoa oso lan lotua da, baina egungo baserriko bizimoduak ez du zerikusirik garai bateko baserrietako bizilege eta sufrimenduekin. Nekazaria hitzak berak adierazten du nekea dela baserritarren izatea bera.

Amaitzeko, azken gogoeta, goraipamena eta errekonozimendua baserriko emakumeei, jaiegunik gabeko egutegian sakrifiziozko lana besterik egin ez dutenei, baserriko lan penatuaz aparte etxeko lanetan eta familiaren eta nagusien zaintzan etengabe aritu direnei eta betidanik itzalean egon diren emakume horiei.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide