Gure meskitak eta gure protestak

Erabiltzailearen aurpegia Iraitz Otaño Mugica 2017ko urt. 31a, 11:45

Atzoko albistegia: Sei lagun hil dituzte tiroka Quebeceko meskita batean...; Protestak eta protestak, Ameriketako Estatu Batuetan, Donald Trump presidenteak musulmandarrak hara sartzeko debekua ezarri duelako...; Asaldadura, iskanbila eta hitz politikoki zuzenak denon ahotan.

“Eskerrak gu ez garen horrelakoak”, pentsatu dut. Iragan asteburuan irakurri dut nola Floreagan, gurean, dagoeneko zabaldu duten eskualdeko meskita, eta zer diren kontuak, Azkoitian zalaparta bakar bat ere ez. Zorionekoak, gu, azkoitiarrok, mundu osoaren aurrean tolerante eta abegikor.

Baina, bat-batean atzera egin dit memoriak, eta hortxe kokatu nau 2015eko maiatzaren 14an, Floreaga auzoan bertan. Protesta egin zuten auzotarrek meskita egingo zenaren gunearen aurrean, meskita euren auzoan ez zutela nahi ohiukatuz. Eta udalari kontuak eskatu zizkieten. EH Bilduk gobernatzen zuen Udalari, Urrategi Alberdi alkate zuen lan taldeari. “Guri aurrez Udalak galdetu egin behar zigun. Ez dugu nahi erlijioaren gaian sartu, baina ez dugu nahi meskita Floreagan eraikitzea. Baditugu lehenagoko arazoak auzoan", esaten zuten auzotarrek, besteak beste. Are gehiago, “Legala izango da, baina ez dugu nahi!; Alde hemendik!; Eraiki meskitak zuen lurraldean, hemen ez dugu nahi!" ohiuak ere bota zituzten. Sinadurak biltzen hasi ziren, meskita ez eraikitzeko eta abokatu baten laguntzaz gaia sakonago aztertu eta salaketa jarriko zutela ere esan zuten bizilagunek. Gurean ez zen beste konturik, eta telebistan ere azaldu ziren.

Ia bi urte pasatu dira, eta zer diren gauzak, orain, derrepente, inork ez du ezer esaten. Elkarbizitzan hainbesteko eboluziorik ez du inork egin izango munduan. Udal gobernua aldatu, eta dena da bakea eta aniztasuna gurean. Pentsa, maiatzaren 14 hartan bero-bero eginda protestan ari ziren lagun horietako bat orain udal gobernuan dago zinegotzi eta meskita egiteko baimena zintzo-zintzo eman du...

Bai orduan eta bai orain, erlijio askatasunaren alde egin nuen eta egiten dut. Poza ematen dit benetan meskitaren kontua gainditu eta gure herriko musulmandarrek normaltasunez errezatzeko eskubidea ontzat hartu dugula imaginatzeak, aniztasunean sinesten dudalako eta horren alde lanean jarraituko dudalako. Halare, errezeloa dut, orduan protesta hori bultzatu zuten esku berberak ez ote diren ari orain mingainari koska egiteko eskatzen zenbaiti.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide