"Moda munduan jende asko dago iritziak debalde banatzeko, aurretik inolako ikasketarik egin gabe"

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Aparicio 2016ko abe. 6a, 10:38
Argazkian, Eneko Aranbarri Zubillaga.

Eneko Aranbarri Zubillagak (Azkoitia, 1988) Madrilera joan behar izan zuen moda munduko Irudi Aholkularitza ikastera. Bide horretan, ordea, beste aukera batzuk sortu zitzaizkion eremu berean. Gaur egun ez da kexatzen duen egoerarekin, moda munduan baitabil lanean eta modarekin zerikusia duen proiektu bat baitu esku artean.

 

Nola eta zergatik erabaki zenuen moda ikasketak egitea?

Kasualitate hutsa izan zen. Bi aukera izan nituen institutu garaian: bata aktore ikasketetan hastea eta bestea moda munduko irudi aholkularitzari ekitea. Bigarrenarekin hasi eta estilista lanak gustuko nituela konturatu nintzenez, Madrilgo arte eskolako sarbide azterketetara aurkeztu nintzen. Nahiz eta estilismorako azterketak ez gainditu, patroigintza egitea eskaini zidaten, eta orduan konturatu nintzen pasa zitekeen onena izan zela.

 

Ikasketak Madrilen egin zenituen. Zergatik Euskal Herria uzteko erabakia?

Pentsatzen nuen han hemen baino aukera gehiago izango nituela lanerako. Bestalde, Madrilen modak duen indarra ezin da alderatu Euskal Herrian duenarekin, eta, horregatik, uste nuen ikasketak burutzean praktikak egiteko toki hobeak izango nituela.

 

Zure ustez, Madril eta Bartzelona bezalako hiriburuetan Euskal Herrian baino aukera gehiago al daude modari dagokionez? Zergatik?

Gaur egun, Interneti esker, moda kontsumoa toki guztietara heltzen da. Hala eta guztiz ere, nahiz eta gu oso aske sentitu, gure inguruak asko baldintzatzen gaitu, geu konturatu gabe askotan. Janzten ditugun arropen bidez talde sozial konkretu batean kokatu nahi izaten dugu geure burua, eta hiri handietan talde edo tribu horiek gehiago izaten dira, hiri handietan joan-etorriko jende asko ibiltzen baita. Bestalde, bidaiatzean gauza asko ikusten ditugu, eta beti ekartzen ditugu beste gizarte batzuetako janzkera mota batzuk, geurera moldatuta.

 

 

Zeintzuk izan dira Madrilen egin dituzun lanik garrantzitsuenak? Eta Euskal Herrian egin dituzunak?

Madrilen aldizkari digital bat sortu genuen bost kideren artean, eta hango estilismoez eta moda editorialez arduratzen nintzen, besteak beste. Hainbat aktore eta abeslarirekin lanean jarduteko aukera izan genuen. Hemen, Euskal Herrian, diseinatzaile gazteen bi lehiaketatan parte hartu dut, eta enkarguz eginiko proiektu batzuk ere josi ditut. Enkarguak oso bereziak izaten dira, batez ere gertuko lagunek egiten dizkizutenean.

 

Azkoitiak balio izan al dizu zure diseinuen edo ibilbidearen inspirazio modura? Zein alderditan, adibidez?

Azkoitiak baino gehiago, Azkoitiko nire inguruko jendeak. Zerbait diseinatzen duzunean, beti izaten duzu norbaiten erreferentzia buruan, eta askotan pentsatzen dut nire lagunetatik zeinek jantziko ote lukeen prestatzen ari naizen jantzi hori.

 

 Pozik al zaude moda munduan egin duzun ibilbidearekin? Zer gelditu zaizu egiteko?

Nahiko gustura nago. Gure erosketa ohiturekin, ez da batere erraza moda munduan aurrera egin eta tarte bat egitea, baina orain proiektu txiki batekin nabil. Bidean gauza asko utzi ditut, baina ekarpen horiek guztiak jaso eta ikuspuntua aurrean kokatzen dut beti.

 

Gaur egun ere moda munduan lan egiten al duzu? Zertan?

Donostiako Massimo Dutti dendan lan egiten dut, zehazki koordinatzaile lanetan: iristen diren artikulu berriak dendan non eta nola kokatu erabaki, bilduma aldaketak egin, salmentak aztertu, bezeroek zer eskatzen duten ikusi...

 

Moda arloko zein ataletan lan egitea gustatuko litzaizuke? Zer egiteko izango zenuke atal horretan?

Patroigintzan lan egitea gustatuko litzaidake: buruan ditudan ideiak bolumenean nola funtzionatuko luketen aztertzea eta ideia horiek errealitate nola bilakatu ikustea.

 

Moda betidanik izan da garrantzitsua telebistan, baina badirudi azkenaldi honetan rola aldatu egin dela telebistan sortu diren reality-ekin; hau da, edonor izan daiteke irudi aholkularia edo moda arloko espezialista. Zer iritzi daukazu horren guztiaren inguruan?

Jende asko dago iritziak debalde banatzeko, aurretik inolako ikasketarik egin gabe. Berdin gertatzen da sukaldaritzarekin eta musikarekin, esaterako. Azkenean, norberak jakin beharko luke nori kasu egin eta nori ez. Niretzat, tendentziak eta egunero janzten duguna bi kontu oso desberdin dira. Moda tresna baten moduan hartu beharko genuke, norberak “izan nahi duenaren” mozorroa eraikitzen laguntzen digun tresna gisa.

 

Telebistan ez ezik, boladan jarri da Youtuben moda arloko blogari izatea eta bakoitzak blog pertsonal publikoa edukitzea. Zer-nolako garrantzia du fenomeno horrek moda munduan? Alde zaude?

Tamalez, horrelako gauzek garrantzi handia dute gaur egun iragarkien aldetik. Pertsona ezagun batek, marka jakin bat erabiltzean, izugarrizko indarra ematen dio marka horri, eta, horregatik, ondo aukeratu behar da nor nahi duzun lotu zure produktuarekin edo marka irudiarekin.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide