maxixatzen.eus

Armairuak eta botatzen ez ditugun trapu zaharrak

Erabiltzailearen aurpegia   Iritzia

Baten bat armairutik atera dela esaten dugunean, zer ari gara esaten? Non daude armairu horiek? Eta garrantzitsuena: armairutik ateratzeko ezinbesteko baldintza zein da?

Pentsamendu sinbolikoa erabiltzen badugu eta geure burua armairu batean irudikatu, argi geratzen da armairutik atera ahal izateko armairu batean egon behar dugula eta han egoteko noizbait han sartuak izatea dela ezinbesteko baldintza.

Pertsona guztiok armairu ikusezin bezain sendo batzuetan gaude sartuak imajinario kolektiboan, ateratzea erabakitzen dugun arte edo betiko! “Armairutze”prozesua haurra jaio aurretik hasten da; zehatzago, haurraren sexua jakiten den momentuan. Une horretatik aurrera, neska bada etorkizunean mutilak gustatuko zaizkiola irudikatzen dugu, eta mutila bada, alderantziz. Ospitaleetan dauden haur guztiak heterosexual potentzialak direla pentsatu ohi dugu, kontrakoa frogatu arte!

Horrela, beraz, bakoitza bere armairuan hezten da (nesken armairuak nahiko arrosak izan ohi dira, eta mutilenak pixka bat urdinagoak), eta armairu horietan gauza asko egon daitezke (baina beste asko ez), eta askotan ez ditu armairuan dagoen pertsonak aukeratzen. Denok dakigu armairuak zurrunak, gogorrak eta karratuak izan ohi direla eta beraz nahiko itogarriak izan daitezkeela. Barruan, barruak jaten ari denari arnastu ezina eta kabitu ezina sortuz ateratzea erabakitzen duen arte. Momentu hori zaila izan daiteke, horrenbeste denbora armairu batean igarotzeak zurrundu egin gaitzakeelako, eta, jakina, kontuan izan behar dugu guk ateratzea erabakiz gero beste guztiek beren armairuetan jarraituko dutela eta haien erantzunak karratuak eta zurrunak izan daitezkeela, “armairuko pertsonak” direlako. Ondorioz, gure pertsonaren inguruan eraikitzen den markoaren ertzak apurtzean, beste pertsonen ertzekin egiten dugu tupust. Badirudi haurrentzako ipuin bat ari naizela kontatzen eta ez iritzi artikulu bat idazten, baina batzuetan aholkagarria da gauzei beste ikuspegi batetik begiratzea itsutasun kolektiboari aurre egiteko.

Ertzekin jarraituz, lehenago aipatu dudan ideiari heldu nahi nioke; hau da, pertsona guztiak jaiotzez heterosexualak garela pentsatzeko joera horri eta ospitaleak haur heterosexual potentzialez beterik daudela irudikatzearen zorakeriari. Ideia hori izatez barregarria izango litzateke gure jendartean heteroarauak aginduko ez balu. Denok dakigu normala heterosexuala izatea dela, ezta?

 

Zergatik sartzen dugu jendea armairuan?

 

Zer esan nahi du normala hitzak? Normak (arauak) noizbait ezarriak izaten dira, baina denboraren poderioz naturalizatu egiten dira, eta ezarritako hori jendartearen gehiengoak betetzen duenean normatibo edo arauemaile bilakatzen da, hau da, jarrerarik ohikoena, hau da, normala.

Beraz, ohartu behar dugu heteroarauaz mintzo garenean (heteronorma gaztelaniaz) geuk sorturiko mundu ikuskera bati buruz ari garela. Mundu ikuskera horrek jendarteko pertsona guztioi eragiten digu, eta dimentsio politiko bat du: heterosexualitatea legitimatzen edo saritzen duena eta beste aukera guztiak bigarren, hirugarren edo azken aukera bilakatu. Non ikus dezakegu hori? Arreta jarriz gero, leku guztietan: iragarkietan, pelikuletan, telesailetan, liburuetan, aldizkarietan, lantokian, kalean, 4 urteko neska bati “nobiorik ba al duzu?” galdetzean...

Amaitzeko, zuen armairuei begirada bat botatzeko eta trapu zaharrak eguzkiaren argipera ateratzeko eskatu nahiko nizueke. Izan ere, zergatik sartzen dugu jendea armairuan?

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa