Jainkoaz hitz egitea premiazkoa eta egokia dela dio Azurmendik

Erabiltzailearen aurpegia Floreaga ikastetxea 2016ko api. 11a, 12:34

On Felix Azurmendik hasiera bikaina eman zien Floreagako XXVII. Euskal Kultur Jardunaldiei, IGEko burua den Nerea Machadoren aurkezpen hitzen ondoren. Jende asko bildu zen joan den ostegunean On Bosco aretoan, eta hitzaldi aberatsa entzuteko aukera izan zen.

 

On Felixen esanetan euskal kulturan eta gizarte postmodernoan gaia ezkutatuta dagoela badirudi ere, Jainkoari buruzko pentsamendua garrantzitsua da. "Zaila da" Jainkoari buruz hitz egitea, Nietzschek orain bi mende "Jainkoa hil da" edo "Jainkoa hil dugula" adierazi zuenetik; eta "Jainkoaren heriotzak" gizakia ere krisian egotea dakar: "gizakiak Jainkoaren bila dabiltza, nahiz eta pentsalari batzuk aurreikusi erlijio fenomenoa segituan gaindituta geldituko zela. Fanatismoek ere aurreikuspen hori deusestatzen dute. Orain zerbait berriaren bila gabiltza. Kristauok ezin dugu isildu ikusi duguna eta bizi duguna, ezta sakristia barruan gorde ere", azpimarratu zuen Azurmendik.

Jainkoaren misterioaren aurrean, jarrera ugari daudela gaineratu zuen: teismoa, ateismoa, agnostizismoa eta axolagabekeria besteak beste. Gaur egun "ateismo semantikoaz" hitz egiten dute batzuek, hots, ezin dela Jainkoaz modu egokian hitz egin. Kristautasuneko mistikoek ere garbi adierazten dute Jainkoari buruz ezin dela era egokian hitz egin. Jesusen Santa Teresak eta Eckart maisuak, hala nola, horrelaxe diote.

Beraz, fedea azaltzeko bide alternatiboak bilatu behar direla uste du parrokoak: "Jainkoari buruz, esperientzia kontatzea da bidea, teologia narratiboa". Jesusek ere bere esperientzia kontatzen du eta Ebanjelioak ere kontakizuna dira. Gainera, ekintzen bitartez, praxia eta keinuen bidez, adierazten da erlijioatasuna.

Horrez gain, sinboloen eta irudien bidez ere hitz egin daiteke Jainkoaz Teologia apala eginez, belauniko egiten den hausnarketa. Baina Jainkoaren esperientziaren berri izateko, mezua entzutea beharrezkoa da, eta "gure kultura materialistak arazoak ditu entzuteko". "Zabaldutako begien" mistika behar dugu: gizakiaz arduratzea, besteez kezkatzea eta justizia bilatzea, hala nola. Ziurtasun soziologikorik ez dugunez, gure eginkizun beharrezkoena Jainkoaren esperientzia sustatzea da. Euskal kulturan baditugu erreferente erlijioso garrantzitsuak: Xabier Lete, Joxanton Artze eta abar.

Zoriontsuak bihotzez garbi direnak. Gizaki orok esperimenta dezake Jainkoa, baina ez da gauza espekulatibo edo intelektual bat, ez da teoria hutsa. Konturatzea da Jainkoa guregan bizi dela. Maitasun kontua da. Jainkoaren esperientzian ondo lotzen dira isiltasuna eta presentzia, ematen zaigun esperientzia. Ezin dugu Jainkoa ikusi. Arantzazun dauden Oteizaren apostoluek ere ez dute begirik, ez baitzuten "ikusi" Jainkoa. Jesusek soilik ditu begiak.

Jainkoa gure bizitzaren iturria edo sorburua da, dio Azurmendik. Ez da zerbait "erabilgarria" edo "probetxuzkoa". Jaikoaren presentziaz ohartzea eta aitortzea behar da: Jainkoa hemen dago, baina nik ez nekien eta orain konturatu naiz. Bihotz berritzea eskatzen zaigu. Jainkoaz hitz egitea premiazkoa eta egokia da.

Kristautasunean, garrantzitsuena ez da erritoetan parte hartzea. Maitasuna gizakiaz arduratzea da, jarrera etikoa, maitasuna eta egiazaletasuna. Gure sinesmena Jesusengan oinarritzen da, ez da filosofiaren jainkoa.

Bukatzeko, Jainkoaren esperientziaren pedagogian, Santa Teresak aipatzen dituen urratsak kontuan hartu behar direla adierazi zuen: norberaren barruan sartzea, gure ahaleginean eustea edo irautea, koherentzian bizitzea eskaskeria gaindituz, Jainkoaren presentzia bizitzea, bizita eraldatzea, fedea garbitzea, Jainkoaren hitza betetzea, eta abar. 

Apirilaren 13an, asteazkena, herri kiroletako hiru ordezkari izango dira Floreagan: Jose Mari Olasagasti aizkolaria, Jose Luis Lete "Elosukorta" harrijasotzailea eta Jon Unane arraunlaria. Andoni Bastidak moderatuko du saioa. Denok gonbidatuta zaudete!

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide