Oriotarrak nagusi Zurteko Herriarteko bertso txapelketan

Erabiltzailearen aurpegia Erniarraitz Bertsozale Elkartea 2017ko ots. 6a, 11:12
Erniarraitzek 11 puntu lortu zituen Zurteko lehenengo saioan.

Lehia estua izan bazen ere, azkenean Orioko Sarri nahi genuen baina Habana etorri zaigu taldea izan zen garaile, 13 puntu eskuratuta. Erniarraitzek 11 puntu lortu zituen lehenengo saio honetan. Baina lehia ez da oraindik ere amaitu, talde bakoitzak beste saio bana burutu beharko baitu. Azkoitiarrek Hernanin izango dute bigarren saioa.

 

Abiatu da bai Gipuzkoako bertsozale elkarteak antolatu duen Herriarteko bertso txapelketa. Azkoitian, otsailaren 3an, burutu zen lehendabiziko saioa.

150 bat bertsozale elkartu ziren 22:30ak alderako Azkoitiko Zurt tabernan, gogotsu, ostiral gau batez bertso-giroan gozatzeko asmoz eta harrera beroa egin zitzaien entzuleak bezain gogotsu oholtzara igo ziren bi taldeei.

Bata Oriotik etorria. Sarri nahi genuen baina Habana etorri zaigu taldea eta bertan Xabier Sukia, Egoitz Eizagirre eta Imanol Lizarazu “Habana” kantari. Bestea herrikoa, Erniarraitz 3 taldea, Xabier Aldalur, Ugaitz Beristain eta Eneritz Artetxek osatua.

Silvia Etxaniz aritu zen gai-jartzaile lanetan eta Ixabel Jauregi, Gorka Larrañaga eta Xuban Bekarte azkoitiarrek eta Alazne Arrillaga oriotarrak egin zituzten epaile lanak.

Bertsolariak oholtzara igo aurretik soma zitekeen zer nolako giroa izango zen saioan zehar. Entzuleen jarrera eta inguruan entzun zitezkeen elkarrizketen arabera, Azkoitiko bertsozaleek eta Oriotik etorritakoek, gogoz hartu dute Herriarteko txapelketa hau. Giroa beraz, hasiera-hasieratik lagunartekoa eta beroa. Baina bertsozaleez gain bertsolariek ere jarrera bera erakutsi zuten. Agurretatik hasita, gogotsu, bertsotan gozatuz eta entzuleei gozarazi nahian. Elkarri erronka botaz, edota gazteei alkohola saltzeaz, burusoilen arazoez, sukaldari ikastaroetako giroaz… umorez edo serio baina gogotsu aritu ziren.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide