Lehengo lepotik burua

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko EH Bildu 2016ko urr. 8a, 12:39

Azkoitian (Gaztaneneako eraikinean), Hizkuntz Eskola Ofizialaren gela desplazatuak ireki berri dira. Honen aurrean EHBilduk gauzak egin diren moduari buruzko hainbat kezka azaldu nahi ditu.


Duela gutxi arte Musika Eskola Gaztanenean aurkitzen zen; aurreko legealdian zeuden ordezkari guztiek (tartean EAJ/PNVkoek) eraikina baldintza kaskarrean aurkitzen zela bat egiten zuten. Beste arazo batzuen artean, irisgarritasun arazoak handiak zirela onartzen zen. Gaztanenea legeak agintzen zuen baldintzatan jartzeak izugarrizko inbertsioa eskatzen zuen eta talde guztiak ados jarri ondoren Musika Eskola, Elkargunera eramatea erabaki zen. Orain aldaketa haundirik egin gabe Hizkuntz Eskolaren gela desplazatuak ireki dituzte bertan. Gu, ez gaude Hizkuntz eskolaren gela hauek irekitzearen aurka, Azkoitian herritarren beharretara egokitzen den oro eskaintzea interesgarria dela deritzogu. Baina, gauzak gardentasunez eta ondo egin behar dira eta hau, berriro ere, gure ustez, ez da kasua. Irisgarritasuna bermatzeko ez dute zentimorik inbertitu. Oposizioan gauden taldeei, hau bermatzen duela adierazten duen txostenik ez digute eman eta ez dakigu honen inguruan zerbait egiteko asmorik duten edo ez. Guk dudak ditugu Gaztaneneako irisgarritasunak legea betetzen duenik; zain gaude udal gobernutik hau frogatzen duen txostena jasotzeko. Kezkagarria da eraikin honetan gela hauek martxan jartzea legeak eskatzen dituen baldintza minimoak bete gabe.
Bestalde penagarria iruditzen zaigu, gela hauek irekiko zirela publiko egitea hauteskundeak izateko lau egun falta zirenean. Modu triunfalista batetan agertu ziren medioetan udal gobernuko ordezkariak, kanpaina erdian, gestore onaren itxura emanaz (Gipuzkoako herri bakarra omen gara horrelako gelak dituena, izugarrizko inbertsioa egin dutela…). Guretzat, kanpaina garaian medioetan horrelako notiziak emanaz azaltzea etikoki salagarria da, eta segurazki legala ere ez da izango. Baina tira… lehengo lepotik burua.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide