Gu lasai gaude. Hitza hartzen diegu

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitia Zero Zabor 2015ko uzt. 14a, 16:32

Aurreko legealdian hondakinen bilketaren kontua zela eta nahikoa katramila izan genuen herrian. Baina, hala ere, aurrerapauso nabarmenak eman genituen. Oso nahasia eta gogaikarria izan zen. baina merezi izan du.

 

Alde batetik %75 (%70) inguruko gaikako bilketan gabiltza (lehenago gaika jasotzen zenaren bikoitza baino gehiago). Oso ondo dago, eta uste dugu azkotiarrak gustora daudela emaitza horiekin.

Bestetik, helburu eta printzipioetan adostasun zabala lortu genuen:

 1. LEHEN URTEAN %70EKO GAIKAKO BILKETA ETA 2 URTETARA %80-85EKOA

 2. GAIKA BILDUTAKOAREN KALITATEA BERMATUKO ZUEN SISTEMA IZATEA.

 3. BEREIZTEA HERRITAR GUZTION BETEBEHARRA ZELA.

 4. PREBENTZIO POLITIKAK BEHARREZKOAK ZIRELA.

 5. ERREFUSARI ATEAK ITXIKO ZIZKION BILKETA MODUA BEHARREZKOA ZELA.

 6. HELBURUAK LORTZEKO IRIZPIDE TEKNIKOAK IZANGO ZIRELA KONTUTAN.

Orain, hauteskunde ondoren eta udal gobernuan aldaketa egonda (eta galdeketaren emaitza estua izan zela ikusita), jendea inguratzen zaigu hondakinen gaikako bilketaren inguruan galdezka, gertatuko denaz kezkatuta.

Gu, ordea, lasai gaude, 2014ko uztailean egindako Udalbatzan Bilduk, EAJk eta Azkoitia-Baik onartu egin zituzten lehen aipatutako irizpideak eta helburuak lortzeko konpromisoa hartu zuten :

%70eko gaikako bilketa lortzea eta bi urteren buruan %80-85 iristeko helburua besteak beste.

 

Momentuz, bidean goaz

Guk bereziki alde positiboari begiratu nahi diogu eta emandako hitza hartzen dugu kontuan, helburu eta irizpide horien inguruko adostasun zabal horren parte izan baitzen EAJ ere.

Aurreko Udal taldeari  esan genion bezala, gurekin konta dezaketela esateko eta iritziak partekatzeko bilera eskatu diogu alkate berriari. Konpartitzen ditugun helburu eta printzipioak oinarri hartuta zero zabor bidean bidelagun izan gaitezen.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide