Historia baten piramidea

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Arruti Rezabal 2016ko ots. 12a, 16:35

Hegazkina hartzera zoaz, eta eskuko ekipajea bakarrik daramazu zeurekin. Ezer fakturatu beharrik gabe, hegazkinetik irten orduko joan zaitezke aireportutik. Garaiz iritsi zara hegazkineratze-mahaira, bost minutu falta dira sartzeko epea ixteko.

 

Mahaiko arduradunak ohartarazi dizu hegazkineko ekipaje-leku guztiak beteta daudela, eta zure ekipajea fakturatu egin beharko dutela. Jakina, ez zaude konforme horrekin, zure aulkiari eskuko ekipajea uzteko atal bat dagokiolako aulki gaineko maletategian. Garbi dago, beste norbaitek bete du zuri dagokizun lekua. Eta dagokizun eskubidea harrapatu dizu.

Zure lekuan bere ekipajea sartu duenak badaki leku hori ez dagokiola berari, baina, hala ere, arduradunei kontuak eskatzen hasi beharrean, beste bati lekua kentzea erabaki du. Hark eskubidea du bere lekua eskatzeko, baina ez beste bati lekua kentzeko.

Egoera horretan, hegazkin konpainiakoen aurka hasten gara eskubideak aldarrikatzen, kontuak ez dituelako behar bezala antolatu. Horrelakoetan, haiei eskatu beharrekoa izango litzateke jakinaraz dezatela nork bere ekipajea dagokion lekuan jarri arte ez dela hegazkinik irtengo. Gainerako guztia gutako bakoitzaren gain dago, ondotxo dakigu eta gure gauzak non uzten ditugun.

Gizartearen botere-piramidearen behealdean gaudenok beti jakin beharko genuke piramideari eusten diona beheko aldea dela, eta horren faltan goitik behera eroriko litzatekeela piramide osoa. Haren bloke bakoitza gara gu, eta gure jokabidearen arabera alda dezakegu piramidearen egitura osoa; baita historiaren piramide osoa ere.

Beste hainbeste egin dezakegu Pako Aristik dotore erakutsitako “Piramide baten historia” artikuluko piramidearen baitan. Gutako bakoitzak maite duen hizkuntza-ekipajea dagokion lekuan kokatuko baldin balu, hankaz gora jarriko genuke gure herriaren hizkuntza-piramide bidegabea, eta inposatzaileari gure hizkuntza etengabe itotzen duen indarra zapuztuko genioke.

Inori ezer egiteko eskatu beharrik gabe, alferrikako aldarrikapen, salaketa, indar-xahutze eta eztabaidarik gabe; nork berea eskatuz, soseguz, aldarte onean, denok berdin izan gaitezen, nor bere eskubide guztien jabe, nor noren pare bere hizkuntza mintzatzen.

 

Aitor Arruti Rezabal

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide