3D Printing industrian jardunaldia

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Berritzen 2016ko mar. 9a, 11:37

Iraurgi Berritzenek "3D Printing" edo "3D inpresioa"-ren inguruko jardunaldia antolatu du hilaren 16rako. Azpeitian izango da, zehazki, Enparan Kalean dagoen "Baigera" eraikinaren 4. solairuan. Jardunaldia, batez ere, eskualdeko industria enpresetara bideratuko dute, eta 09:00etan hasi eta 12:00etan amaituko da.

 

Ekitaldi horren helburu nagusia azken hilabeteetan zeresan handia ematen ari den kontzeptu hori eskualdeko industria enpresetan ezagutaraztera ematea da. Kontzeptu hori bi ikuspegi nagusitatik aurkeztuko da: batetik, 3D-n inprimitzeko gaur egun erabiltzen den teknologia aurkeztuko da Oiartzungo Tumaker enpresaren eskutik, honetarako ekitaldian zehar erakustaldi bat egingo delarik. Bestetik, berriz, bere egoitza Markina-Xemeinen duen Leartiker ikerketa zentruak, gaur egun 3D inprimaketan aplikatzen ari diren material ezberdinen aurkezpena egingo du, azken urteotan, gai hontan egon diren aurrerapenak aurkeztuz.

3D inprimaketan erabiltzen den teknologia nahiz materialak aurkeztu ostean, eskualdean dagoeneko kontzeptu hau aplikatzen ari diren bi enpresen testigantzak ezagutu ahalko dira, Sammic eta Ibarmia kasu. Bi enpresen kasuan, teknologia honen inguruan egiten ari diren erabilpena nahiz etorkizunera begira duten ikuspegia ezagutu ahalko dira.

Jarraian, Bic Berrilaneko zuzendari den Marisa Arriola-k, Gipuzkoako Foru Aldundiak nahiz industriaren sustapenean lan egiten duen SPRI erakundeak, datozen hilabeteetan aktibitate ekonomiko berrien sorrerarako aurkeztuko dituzten diru laguntzen laburpen bat egingo du.

Azkenik, jardunaldia mahainguru batekin amaituko da. Bertan, jardunaldiko partehartzaileek, teknologia honen inguruan dituzten iritzi nahiz ikuspegiak partekatzeko aukera izango dute.

Jardunaldian parte hartu ahal izateko ezinbestekoa da aurrez izena ematea. Honetarako, Iraurgi Berritzenera deitu 943 02 60 69 telefono zenbakira, edota aoiarzabal@iraurgiberritzen.eus helbide elektronikora idatzi beharko da.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide