Harmailak bete ditzagun

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi SB 2017ko mar. 16a, 13:21

Añares eta Sammic ISB taldeek asteburuan jokatuko dituzten partidak oso garrantzitsuak dira. Añares eta Sammic ISB taldeek asko dute jokoan asteburu honetako partidetan. Gure neskek larunbatean arratsaldeko 18:00etan jokatuko dute Azpeitiko kiroldegian eta mutilek aldiz igandean ordu berean.

 

Batetik, Xabi Chicoren taldeak larunbatean jokatzen du eta jaitsierarako arerio zuzena den ABDA taldearen bisita izango. Sammicek aldiz, igandean jokatzen du eta Añaresen arrazoi desberdinengatik, berebiziko lehia izango du. Iker Buenoren taldeak Zornotzaren aurkako derbia du eta azpeitiarrek ligako lider jarraitu nahi dute 6 partida besterik ez direnean falta denboraldia amaitzeko.


Bi partiden garrantzia ikusirik, eta zaleen babesa inoiz baino gehiago behar dela 
kontutan hartuta, Iraurgi Saskibaloia klubak herritarren presentzia bermatzeko erabakia hartu du. Modu honetan, AZPEITIA TXARTELA duten herritarrek doan sartu ahal izango dira bi partidetara. “Beti esan izan dugun bezala, kirol kluba baino gehiago nahi dugu izan eta horretarako Azpeiti eta Azkoitiko talde, instituzio edota norbanakoekin elkarlanean aritzeko prest gaude. Klubeko asmoak eta Azpeitia Txartelarenak guztiz bat egiten dutela ikusirik, txartel jabeek sarrera dohain izango dute”, agertu du Maier Lizaso lehendakariak.


Txartel berria izanik, eta ahalik eta jende gehiagoarengana iristeko asmoz, bi herrietako merkatari txartela dutenei ere sarrera doan eskainiko zaie. Beraz, nahiz eta AZPEITIA TXARTELA ez izan, baina BERTAN edota HERRIXEN txarteldunek ere ordaindu gabe sartu ahalko dira partidetara. Gauza berdina izango da Azpeitiko kiroldegiko edota Azkoitiko Elkarguneko txartela duten herritarrekin ere. Azkenik, ISBko bazkide direnek beste norbait eramateko aukera izango dute, honela, bazkide batekin bi sarrera izango direlarik.


“Bai larunbatean eta bai igandean kiroldegiko harmailak herritarrez beteta izatea da helburua. Beraz, Azpeitia eta Azkoitiko herritarrei gure taldeak babestu eta animatzera etortzeko gonbitea egiten diegu”, amaitu du Lizasok.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide