Mendizabalek eta Andra Marikoen ahotsek Durufleren musikaz bete dute parrokia

Maxixatzen.eus 2019ko urr. 13a, 09:29

Organo Erromantikoaren Nazioarteko XX. Zikloaren barruko bigarren kontzertua eskaini zuten atzo iluntzean organo-jotzaile donostiarrak eta Errenteriako abesbatzak.

Etxeko musikariekin estreinatu zuten joan den asteburuan Organo Erromantikoaren Nazioarteko XX. Zikloa Azkoitiko parrokian. Atzo, berriz, ziklo horren barruko bigarren kontzertuaz gozatzeko aukera izan zuten iluntzean parrokiara joandakoek.

Alize Mendizabal organo-jotzaile donostiarrari egokitu zitzaion Cavaille-Collarekin aritzea. Mendizabalek Maurice Duruflé konpositore eta organo-jotzailearen Réquiem Opus 9 obra organoarekin aletzen zuen bitartean, Errenteriako Andra Mari abesbatzakoek beren ahotsekin jantzi zituzten musika notak.

Datorren zapatuan, hilaren 19an, izango da aurtengo organo zikloaren azken hitzordua Azkoitian, Bernhard Marx organo-jotzaileak 20:00etan emango duen kontzertuarekin.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide