Azul Ayuso: 'Borondate handia eta denbora asko eskatzen du euskara bezalako hizkuntza bat ikasteak'

Maxixatzen.eus 2017ko mai. 12a, 09:35

Azul Ayuos (Punta Alta, Buenos Aires, 1996) 13 urterekin etorri zen Azkoitira bizitzera, familiarekin batera. Esan duenez, Azkoitian artearen mundua zabalduko luke; izan ere, danta aldetik adibidez, ez du gustuko ezer aurkitzen herrian.

 

Nolatan etorri zinen Azkoitira?

Argentinan zegoen segurtasunik eza ikusita, gurasoek beste bizileku bat probatzea erabaki zuten, eta, osaba hemen zegoenez, ama, aita, ahizpa, anaia eta bostok Azkoitira etorri ginen bizitzera.

Erraza egin al zitzaizun Azkoitira egokitzea?

Hasierako hilabeteetan oso erraza egin zitzaidan, oporretan nengoela iruditzen baitzitzaidan. Eskola garaia hasi zenean, pixkanaka-pixkanaka zailtzen joan zen; klasera joaten nintzenean ez nuen ezer ere ulertzen, eta lagun berriak egiteko beharra sentitzen nuen. Nire bizimodua guztiz aldatu zen, baina, errealitate hori aprobetxatuz, orain dudan guztia lortu dut.

Noiz etorri zinen? Zenbat denbora daramazu Azkoitian?

Orain dela zortzi urte etorri nintzen Azkoitira, DBHko 1. maila hasi baino hiru hilabete lehenago.

Gustura etorri al zinen?

Azkoitira etortzeko erabakia hartu genuenean, lehenengo ama bakarrik etorri zen. Hiru hilabete geroago aitarekin Argentinatik abiatu ginenean, irrikan nengoen ama ikusteko, eta orduan oso gustura etorri nintzen hona.

Eta gaur egun nola bizi zara? Gustura?

Bai, egia esan oso gustura bizi naiz. Nahi nuena ari naiz ikasten, erizaintza; azken urtea falta zait bukatzeko. Gainera, oraindik dantza munduarekin jarrai dezaket, dantzako klaseak emanez eta parte hartzen, musikaletan... Alai Batzan ere ibiltzen naiz, begirale. Hiru gauza horiek eta familiarekin egoteak pertsonalki asko asetzen naute. Gustura bizitzeko nire arrazoi nagusiak horiek direla esango nuke.

Zein hizkuntzatan hitz egiten duzu lagunekin, familiarekin, klasekideekin…? Zergatik?

Egia esan, normalean gazteleraz hitz egiten dut familiarekin eta lagunekin, nahiz eta haiek euskaraz egin niri. Alai Batzan, Uztaila Jolasean-en eta ospitaleetan erizaintzako praktikak egitean, euskaraz ere egiten dut. Nire ama hizkuntza ez hitz egitean, ez ditut gauzak nahi nukeen bezala adierazten, eta, horregatik, gaztelerara bueltatzen naiz.

Zailtasunik izan al duzu euskara ikasteko? Etorkizunean AEKra joateko asmorik ba al daukazu?

Ez nuen hainbesteko zailtasunik izan euskara ikasteko. Borondate handia eta denbora asko eskatzen du euskara bezalako hizkuntza bat ikasteak. Uste dudana baino gehiago dakidala iruditzen zait. Hala ere, ezagunekin hitz egiteak lotsa ematen dit. Oraindik ez dut planteatu AEKra joatea, baina uste dut etorkizunean lan egiteko EGA baliagarria izango zaidala, eta neure kabuz ikasitakoari errepaso bat egitea komeniko zait.

Zerbait aldatuko al zenuke Azkoitian? Eta mantendu?

Bada gehituko nukeen zerbait: artearen mundua zabaldu egin behar dela iruditzen zait. Poliki-poliki hobetzen doa, baina, adibidez dantza aldetik, ez dago niri gustatzen zaidan ezer. Dantzatzea gustuko dugunok kanpora jo beharra dugu, hemen ez baitugu aukerarik.

Euskal Herria ezagutzen al zenuen etorri baino lehen? Zer iritzi zenuen?

Ez, ez nuen ezagutzen. Nahiz eta Argentinan euskaldun asko egon, ez nuen inondik inora erlazionatzen. Hona etorri baino lehenago konturatu nintzen beste hizkuntza bat zenutela, eta pentsatzen nuen gazteleraren antzekoa izango zela, baina iritsi nintzenean ohartu nintzen guztiz desberdina zela.

Azkoitira iritsi zinenean, zerk eman zizun atentzioa?

Paisaiak; hondartzan ere mendiz inguratuta gaudela ikustea arraroa iruditzen zitzaidan. Atentzioa eman zidan hemengoek zeinen ozen hitz duten, eta askotan esan izan diet lagunei. Orain niri ere ohikoa iruditzen zait.

Azkoitiko tokirik kuttunena zein duzu?

Toki bat aukeratu beharko banu, Intsausti parkea esango nuke. Etorri ginenean parque grande deitzen genion etxean; beste guztien artean desberdina da, handiagoa, urtaroz urtaro aldatzen joaten den parkea. Orain etxe alboan dut, eta egunero egiten dut paseotxoren bat.

Argentinatik, zeren falta nabaritzen duzu gehien?

Familia, hori da faltan botatzen dudan bakarra. Azkoitiak orain arte behar izan dudan guztia eman dit: segurtasuna, ikasketak, lagun berriak, eskolaz kanpoko jardueretan dantza egiteko zaletasuna ezagutaraztea…

Etorkizunean non biziko zarela uste duzu?

Londresera joatea askotan pentsatu izan dut: dantza egiteko akademia asko daude, eta erizain moduan aritzeko lana dagoela dirudi. Baina hori ezin da jakin; inoiz ez nuen pentsatu Euskal Herrian biziko nintzenik ere!

Azkoitiarrek nola hartzen zaituzte? Kanpotar gisa hartu al zintuzten hasieran? Nola daramazu hori?

Askotan eman dizkiet eskerrak gelakideei, hasierako momentutik asko lagundu didatelako: beraiekin gelditzeko esanez, euskaraz ulertzen ez nuena azalduz, behar nuenean nirekin egonez… Oso erraza egiten zitzaidan egokitzea. Inoiz ez naiz lekuz kanpo sentitu; kuadrillako bat gehiago sentiarazten naute.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide