Azkoitiko tabernariek hasitako ekimenak ia 1.300 sinadura lortu ditu

Maxixatzen.eus 2017ko mai. 11a, 13:00
Elkarteak hasitako ekimenak ia 1.300 sinadura jaso ditu.

Um Blem Ble Azkoitiko tabernari elkarteak orain dela egun batzuk hasitako Azkoiti bizi eta alai baten alde ekimenak 1.290 sinadura jaso ditu, 10 egunetan.

 

Elkartean dauden 11 tabernek adostutako oharra luzatu dute gaur, osteguna, eta jasotako sinadurak udaletxean utzi dituzte. Elkarteko ordezkariek adierazi dutenez, "herritarra izan da sinatzera etortzeko borondatea azaldu duena". Kideek adierazi dutenez, ez da kanpaina bat izan, eta herritarrek emandako babesarekin "gustura" daude. "Herriaren babesa jaso dugu gure ekimenekin jarraitzeko, kontzertuak, ekintzak eta bestelakoak antolatzen jarraitzeko", esan dute ordezkariek.

"Azken egun hauetan nabaritu dugu herriak ez duela nahi azkoitiarrak kanpora joatea", azpimarratu dute elkartetik. Um Blem Ble tabernarien elkarteak prestutasuna eta borondatea agertu du udalarekin elkarlanean hasteko. "Ez dugu gatazkarik nahi, gaia bideratzea nahi dugu", gehitu dute tabernariek. Prentsaurrekoan aipatu dutenez, bi urtean hiru aldiz elkartu dira elkarteko kideak udalarekin.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide