Gerra Zibilean kanporatuak izan ziren emakumeei aitortza egingo die Udalak

Maxixatzen.eus 2017ko api. 26a, 10:31

Azkoitiak gerra zibilean kanporatuak izan ziren emakumeak gogoratuko ditu Udalak, memoria historikoa osatzeko saiakera eginez eta isilik eta ezkutuan mantendu diren bizipenen protagonista anonimoei merezitako tokia emanez.

 

Udalak aitorpen ekitaldi bat antolatu du gizonak frontean zituzten bitartean, euren etxeak abandonatu eta noraezean ihes egin behar izan zuten emakumeak oroitzeko. "Bakea eta elkarbizitza aldarrikatuz, berriro inorri, inon, gerta ez dakion", adierazi dute Udaletik.

"Memoria berreskuratzea historia errepikatu ez dadin", mezu horrekin gogoratu nahi ditu Udalak. Jasotako datuen arabera, 1937an Azkoititian 29 emakume izan ziren kanporatuak. Haiekin batera beste 32 ume atera ziren ihesean. Horretarako bi hitzordu antolatu dira.

Apirilaren 28an, Baztartxon “Ama nora goaz?” pelikula-dokumentala aurkeztuko da. Pasarte "beltz" hura bizitzea egokitu zitzaien emakumeak dira filmeko ardatz. Haien artean, sasoi hartan artean ume ziren bi azkoitiar daude: Agate Sudupe eta Tere Larrar.

Pelikula emanaldia 19:00etan izango da eta ondoren filmaren ekoizle Karmelo Vivancorekin solasaldia egingo da, eta amaitzeko, emakume erbesteratuen oroimen ekitaldia. 

Egitaraua Kirmen Uribe idazle ondarroarraren solasaldiarekin osatuko da. Berriki kaleratu du “Elkarrekin esnatzeko ordua”, Espainiako Narratiba Saria eta euskarazko bertsioan Kritika Saria jaso dituen nobela, eta idazleak maiatzaren 4an aurkeztuko du liburua, 18:30ean, Elkargunean.

Argitalpena abiapuntutzat hartuta solasean arituko da bertaratzen direnekin. Liburuan Karmele Urrestiren historia kontatzen du. Gerrak jaioterrian, Ondarroan, harrapatzen du eta herritarrak erbestera ihes egiten duten bitartean, berak herrian geratzea erabakitzen du zaurituak zaintzeko eta espetxeratutako aita askatzeko.

Udalak herritarrak ekitaldi hauetan parte hartzera gonbidatzen ditu "elkarbizitza eta garai berriengatik". Ekitaldi biak irekiak dira eta sarrera doan izango da.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide