Hainbat aldaketa asteburuko autobus zerbitzuetan

Maxixatzen.eus 2017ko api. 21a, 10:17

Asteburuan hainbat ekintza izango dira eskualdean, eta ondorioz autobus zerbitzuak mugatu dituzte. Azpeitian Rallysprinta jokatuko dute, eta Aizarnazabalen duatloia.

 

Azpeitian Rallysprinta jokatuko denez, Azkoitia eta Tolosa artean arratsaldean izaten den autobus zerbitzua bertan behera geldituko da. 15:00etan hasiko da Azpeitiko Rallysprinta, eta ordu horretatik aurrera ez da autobusik izango Azkoititik Tolosarako bidea egiten duen U21 linean.

Bestalde, Aizarnazabalen duatloia izango da, eta ondorioz Azkoititik Donostiara eta Zarautzerako bidaietan ere aldaketak izango dira. Azkoititik Donostira 14:45ean, 15:45ean eta 16:45ean irteten diren autobusek ez dute geltokirik izango Iraetan, Arroaerrekan eta Arroabehean.

Azkoititik Zarautzera 16:05ean doan autobusak, berriz, geltoki bakarra izango du Zarautzen. Ibilbidea autopistaz egingo da, eta ondorioz Zarautzen San Pelaion geldituko da bakarrik. Bertan behera gelditzen dira gainerako geltokiak.

Zumarraga eta Zumaia arteko bidean ere izango da aldaketarik. 15:10ean eta 16:10ean Zumarragako Ospitaletik irteten diren zerbitzuak Zestoaraino iritsiko dira bakarrik. Ez dira Iraetara eta Zumaiara iritsiko. Azkenik, Zumaiatik 16:45ean eta 17:45an irten ohi diren autobusak Zestoatik abiatuko direla jakinarazi dute.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide