Apirilaren 22an izango da aurtengo haur danborrada

Maxixatzen.eus 2017ko mar. 29a, 19:24
Umore Ona elkarteak, zenbait herritarrek, herriko bi eskolak eta Txintxarrik elkarlanean antolatu dute aurtengo umeen danborrada.

Apirilaren 22an, 17:00etan, hasiko da 52. Haur Danborrada, 260 ume ingururekin. Guztira sei konpainia izango ditu aurtengo danborradak, eta azken bi urteetan bezala, jantzi berriak estreinatuko dituzte: alpargateroena eta Umore Onarena.

 

Ane Larrañaga azkoitiarrak diseinatutako bi jantzi berri estreinatuko dituzte aurtengo danborradan. Konpainia batek garai bateko alpargatarien janzkeran oinarritutako jantziak eramango ditu, eta besteak Umore Onaren jantzia. 2015. urtean Larrañagak pilotarietan oinarritutako trajeak diseinatu zituen; iaz, Zalduntxoenak, eta aurten, alpargateroenak eta Umore Onakoenak. Era berean, aurtengo karroza ere abarketarietan oinarritutakoa izango da.

Umore Ona elkarteak, zenbait herritarrek, herriko bi eskolak eta Txintxarrik elkarlanean antolatu dute aurtengo umeen danborrada. 

Honako ibilbide hau egingo dute partaideek: Balda plaza, Santa Klarako zubia, Bizkargi kalea, Julio Urkixo, Balda plaza, Kale Nagusia, Plaza Nagusia eta Gurea pilotalekua.

Parte hartu nahi duten 5 eta 12 urte bitarteko neska-mutilek herriko eskoletan izena eman beharko dute. Danbor jole guztiei ogitartekoa emango zaie Umore Ona elkartean. 

Bestalde, apirilaren 22an euria egingo balu, igandera, apirilaren 23ra (11:30), atzeratuko dute danborrada.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide