Passepartout: 'Motibazio handia izan da entzuleek emandako erantzuna'

Maxixatzen.eus 2017ko mar. 29a, 09:49

Passepartout talde azkoitiarra 26. Gaztea Maketa Lehiaketako finalean izango da, entzuleen artean boto gehien jaso dituen taldea izan baita 1.647 botorekin. GazteBizHitzaren eskutik entzuleen saria lortu du taldeak, eta 2.500 euroko saria jasoko du ondorioz. Final nagusia apirilaren 27an izango da Bilboko Kafe Antzokian.

 

Gaztea Maketa Lehiaketako finalean izango da Passepartout taldea. Aurkeztu aurretik, espero al zenuten azken fasera iristerik?

Egia esan gauza hauetarako sekula ez dugu izaten erantzun garbi bat. Esperantza omen da galtzen den azkena, eta txapelketa batera aurkezten zarenean beti dago zerbait lortuko duzunaren sentsazioa. Bestetik, ordea, ez dugu atsegin gehiegizko balioa edo karga emozionala jartzea horrelako txapelketa baten aurrean. Etor dadila etorri beharrekoa. Ondo edo gaizki joan, irabazi edo galdu, guk lanean jarraituko dugu gauzak ondo eginez, eta entsegu bakoitzean dena emanez. Hori garbi utzita, gauzak ondo badoaz eta erantzun positiboa jasotzen badugu txapelketan, askoz ere hobeto noski. Motibazio iturri handia izaten ari da txapelketa eta jendearen erantzuna.  

Zergatik aurkeztu zenuten Belatz kanta eta zergatik ez beste bat?

Hiru kantu aurkeztu genituen Maketa Lehiaketara. Gero epaimahaiak hiru horien artean Belatz ikusi zuen egokiena dirudienez. Gu guztiz ados gaude egindako aukeraketarekin. Momentuz bost kanta argitaratu ditugu eta bost horietatik zalantzarik gabe jendearengana zuzenean iristeko egokiena da Belatz. Ez du bi aldiz entzutea eskatzen, erraz sartzen da belarrietatik, eta energia transmititzen du. Gaztea Maketa Lehiaketa bezalako txapelketa batean hori behar da.  

Zer du kantak entzuleengan horrenbeste gustatzeko?

Hori ez dago jakiterik. Hipotesiak egin ditzakegu: melodia izango dela, erritmoa izan dezakela, bigarren minutuan sartzen den gitarraren distortsio hori, letra, leloa… Milaka faktore daude kanta bat entzulearentzako erakargarri egiten dutenak. Hipotesietan gelditu beharko dugu.

Kanta berri batean formula bera errepikatzen saiatuko bagina, ziurrenik ez genuen erantzun bera jasoko. Konposaketak egitea horretan datza, hor dago grazia, hori atsegin dugu. Ezin da jakin zer den barrua mugitzen duen hori, eta eskerrak. Entsegu bakoitzean bilatzen dugu sentsazio hori, barrua mugitzea. Lortzen dugunean, hori sentitzen lehenak gu gara eta indarra ematen digu. Hori lortutakoan izaten gara gustura kanta batekin. Hasieratik kanta on bat nola lortu jakin izan bagenuen, barruan zerbait piztea nola lortu asmatu izan bagenuen, bilaketa prozesu hori galdu egingo genuen, eta ziurrenik aspertu egingo ginatekeen. Prozesu horrek betetzen gaitu.

Finalera iritsi ondoren, apirilaren 27an Bilboko Kafe Antzokian joko duzue beste lau talderekin batera. Zein dira zuen itxaropenak?

Oso harro gaude orain arte lortu dugun guztiarekin. Orain arte lortu duguna motibazio iturri itzela izan da taldekideontzat. Hogei talde hautatuen artean egotea poz handia izan zen, eta ondoren izan dugun babesak hitzik gabe utzi gaitu. Jendea gurekin egon da, egunero bozkatzen, eta dena ematen gu finalera heldu gaitezen. Benetan eskerturik gaude bozkatzen egon diren guztiekin, beraiek izan baitira finalera eraman gaituztenak.

Finalera begira, jendeak nahi duen mailako kontzertu bat ematea da gure itxaropena. Babes guzti honek erantzun bat behar duela uste dugu, eta bozkatu gaituen jendeak eta gugatik esfortzu bat egin dutenek guk eszenatokiaren gainean dena baino gehiago ematea merezi dute. Kontzertu on bat ematea espero dugu, gure energia guztia eszenatokiaren gainean hustuko dugu eta hori da garrantzitsuena.

Sariei eta txapelketari dagokienez, ikusiko dugu. Jasotzen badugu bi sarietako bat, bikain. Jasoko ez bagenu ere, nahikoa opari izan da guretzat jendeak eman digun erantzuna eta indarra.

Zer suposatuko luke taldearentzat Gaztea Maketa Lehiaketa irabaztea?

Emozioa. Euskal Herriko txapelketa garrantzitsuenetako baten aurrean gaude, garrantzitsuena ez esate aldera. Hori irabaztea amets bat betetzea litzateke. Talde handiak igaro dira Maketa Lehiaketatik, eta une batez haien ondoan sentitzea izugarria litzateke.

Lehiaketa hau orain oihartzun handia duten taldeek irabazi dute iraganean. Talde horiek izan duten ibilbidea ikusita, zuentzat bultzada handia izango al litzateke?

Sekula ez dago jakiterik. Bultzada izango dela garbi dago; dagoeneko jende gehiagok ezagutzen du Passepartout, hori dagoeneko irabazi dugu. Lehiaketa erakusleiho izugarria da, eta ziur kontzertuak lotzerako orduan jendeak gehiago baloratuko duela Maketa Lehiaketako finalista bat, finalista izan ez den talde bat baino. Halere, lehiaketa irabazi dutenen artean oihartzun handiko taldeak dauden bezala, dagoeneko ezezagunak diren taldeak ere badaude. Auskalo ze faktorek jokatzen duten horretan. Guk garbi daukagu lanean segitzeko esperantza eta gogoa ditugula. Denborak esango du non bukatzen den hau guztia.

Nola ospatu zenuten finalerako sailkapena?

Bozketak amaitzeko eguna gerturatu ahala oraindik lehen mantentzen ginela ikusi genuenean, segituan esan genuen: “Hau ospatu beharra dago”. Afaltzen eta trago batzuk hartzen izan ginen taldekideok, eta asteartea izan arren sekulako “paspartue” harrapatu genuen (kar, kar, kar). Gaurkoa gogorra egingo zaigun arren, astea energiaz gainezka bukatuko dugula uste dugu lehiaketaren harira.

 

Belatz abestia entzungai, loturan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide