maxixatzen.eus

Pedro Murillo: 'Urtebete edo bi biziko naiz; minbizia dut, amiantoak eraginda'

  Osasuna  Azkoitia

Iazko urtarrilean diagnostikatu zioten biriketako minbizia Azkoitian bizi den Pedro Murillori. Amiantoak eragindakoa dela frogatuta, lan gaixotasuna aitortu diote. Salaketa jarri du, eta epaiketaren zain dago orain.

 

"Baikorra". Hala definitzen du bere burua Pedro Murillok (Badajoz, Espainia, 1954), bizitzea tokatu zaiona tokatu arren. Amiantoaren eraginez, biriketako minbizia du, eta argi du non kutsatu zen: "Egun Sidenor izena duen Azkoitiko enpresan bakarrik egin dut lan amiantoarekin. Bestela, eraikuntzan eta autobusak zein kamioiak gidatzen aritu naiz. Argi dut enpresa horretan kutsatu nintzela". Azkoitian bizi da 12 urte zituenetik, eta 1982tik 2003ra bitartean egin zuen lan lantegi horretan. Amorrua nabari da haren hitzetan, baina ez du irribarrea galdu.

 

Zer moduz zaude?

Orain, beno… ondo. Kimioa hartzen ari naiz, baina hau okerrera doala nabaritzen dut. Lehen, eskailerak erraz igotzen nituen hirugarren solairuraino, eta, orain, bigarrengoan gelditu egin behar izaten dut, ezin dudalako arnasa hartu. Argi dut zer dagoen. Minbizia dut, amiantoak eraginda; urtebete edo bi biziko naiz. Agian, hiru… Bizitza izorratu didate, diru madarikatuagatik.

Horrek ematen dizu minik handiena?

Ez, engainatu izanak baizik. Esan izan baligute kutsatzeko arriskua genuela, onartuko genuen edo ez. Baina gu engainatu gaituzten moduan engainatzea… Ez genuen arriskuen berri, eta ez gintuzten babesten. Horrek ematen dit minik handiena. Gainera, enpresak esaten du 1993an utzi ziola amiantoa erabiltzeari, eta hori gezurra da. 1982tik 1998ra arte egin nuen lan galdategian, eta hasi nintzenean bezalaxe lan egiten jarraitu zuten amaitu nuenean. Gero, 2003ra arte produkzio katearen akaberan egin nuen lan, eta, tarteka, galdategira joaten nintzen, eta berdin jarraitzen zuten. Galdategia kendu zutenean utzi zioten han amiantoarekin lan egiteari.

Zer lan egiten zenuen, zehazki?

Galdategian, altzairu likidoa bota aurretik, koilarak berotzen genituen, eta, horretarako, amiantozko bloke batzuk erabiltzen ziren. Eta horietatik erortzen ziren zatiak guk irensten genituen.

Babes neurriak betetzen ziren?

Prestatutako lekuetan, arropa bereziarekin… lan egin beharko genukeen, baina ez genuen horrelako ezer egiten. Ez maskararik, ez arropa berezirik… Gerora, abokatuak esan zidan, amiantoarekin lan egiten banuen, lanean erretzea debekatu behar lidaketela, baina nik erre egiten nuen, inork ez baitzidan debekatzen.

 

Urola Kostako Hitzan argitaratutako elkarrizketa. Jarraitu irakurtzen

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa